Abalatutako belaunaldia
Gutako gehienak, 30 urte betetzerako batezbeste bost etxe inguru igaro ditu. Gurasoena, ikasle bizitzan pare bat pisu (Erasmus programarekin kanpoan ikasten aritutakoek besteren bat ere bai akaso), eta ikasle bizitzaren ondoren beste bizpahiru. Nomadak gara, trantsituan gabiltza logeletatik etxe konpartituera, etxe konpartituetatik gurasoenera eta gurasoenetik ordaindu ezin ditugun alokairuetara.
Zutabe hau idatzi bitartean asko dira buruan bueltaka dabilzkidan izenak, gure herrian bertan, Mutrikun, azken aldian lagun ugari gelditu dira etxebizitzarik gabe: alokairuan zutena saldu egin delako, dagoeneko ordaindu ezin dutelako edo diru kontuak tarteko, gurasoen etxera bueltatu behar izan dutelako. Badakit nire inguruko adibideak ez direla gure herrietan ditugun eredurik prekariorenak, gehienek badituzte senide eta lagunen zaintza sareak eta gurasoen etxeko teilatupea, baina gazteok (eta ez hain gazteok) ekonomikoki norbanako independenteak eta autonomoak izateko dugun zailtasuna ageriko da.
18 urterekin gurasoen etxea utzi eta pisukideekin lehenengo etxebizitza alokatu zuen horrek ez zuen usteko 10 urte ondoren, antzeko egoeran egongo zenik, beste bi lagunekin pisua konpartitzen baina oraingoan bere herrian. Herriko alde zaharreko etxe zahar bat alokatu (laugarren pisu bat igogailurik gabe), lau koadro jarri hormetan, oheetako koltxak edredoi modernoengatik aldatu eta sofa manta hippy batez estalita bihurtzen ditugu geure, hilean 500 euro ordaintzen ditugun alokairuak.
Askotan begiratzen dugu Donostiara, Bilbora edo pisuak gurean baino garestiago dauden zenbait lekutara. Ageriko da Donostiako turismo jasa etengabeak eta etxebizitzen alokairu itogarriak sortu dituzten arazo makroak ez direla Gipuzkoa eta Bizkaiko kostaldeko muga honetara iritsi, baina eztanda horren oihartzuna entzuten da Mutrikutik ere. Desesperatuta ikusi ditut inguruko lagun eta ezagunak herrian alokairuko etxebizitza baten bila, pisuak egon badaude ere (pisu hutsak ere bai), turismoari begirako eskaintza egiteko hautua egin baitute askok, udara eta asteburuetan alokatuz.
Abalatutako belaunaldia gara, hipotekatzeko ere kasik gaitasunik gabea. 30 urterekin gurasorenean edo alokairua pagatzera justu iristen garen pisu konpartituetan bizi gara. Eta ez gaizki ulertu, eredua bera ez zait txarra iruditzen. Familia nuklearra birpentsatzen eta formatu berriak asmatzen ari garen honetan komunitatean bizitzea aukera ederra da. Kontua da ereduak eta alternatibak behar ditugula jabetza pribatuari iskin egin eta alokairu itogarrietan burua uretatik atera ezinda ibili beharrik gabe, gure herrian duin bizi ahal izateko.