Agurra
Tokikoa askotan ez da balioan jartzen. Beti izan ohi da kitzikagarriagoa nazioartekoa, edo ingelesez datorkiguna, edo gaztelaniaz kontatzen digutena. Askotan ez da bertakoa gehien gustatzen zaiguna. Sarri goxoagoa dirudi munduaren beste puntan sortutako zaporeak, edo merkeagoa edo gustagarriagoa. Ez zaio balio bera ematen txikiari, hainbesterengana iristen ez den horri, gertukoari begiratzen dionari, haztean baino eustean arreta jartzen duenari. Horregatik, aritu naiz agian hain gustura Lea-Artibai eta Mutrikuko HITZAn: bertatik, gertukoaz eta kontu «txikiei» begira.
2019ko irailaren 12an idatzi nuen nire lehen zutabea egunkari honetan. Ez da erronka makala izan geroztik hilero gai bat hartu eta hitzak katean jartzea, konbikzio eta iritzi zurrunez batzuetan, zalantzati eta zeresan handiegirik gabe gehienetan, baina plazer bat izan da non idatzi, non esan izatea. Hiru urtetan eta 27 zutabetan kabitzen diren hitzak utzi ditut egunkari honetan, erraz esaten da, baina leku handiegia da ahots bakar batentzat.
Efimeroak dira zutabeak, iritziak bezala, eta ziur nahiz gaur banan-banan idatzitako testuak errepasatuz gero, bat baino gehiago aldatu beharko nituzkeela. Badakit askotan ez dudala asmatu, iritzi potoloegiak eman ditudala, edo ezer argirik esan gabe bete ditudala karaktereak, baina norbaitek zerbait gustura irakurtzeko haina geratu bada, pozik agurtzen naiz.
Eskerrik asko Lea Artibai eta Mutrikuko HITZAri tartetxo hau eskaintzeagatik, lagun eta ingurukoi idatziak elkarbanatzeagatik, iruzkinak bidaltzeagatik, eta, batez ere, gaiak proposatzeagatik. Batzuetan beharrezkoa da ahots bat isiltzea beste bat kantuan hasteko, eta zihur etorriko direla gehiago. Plazer bat izan da.