Ahal da
Aldaketak, bizitzaren parte dira. Dena berdina izateak aspertzen gaitu. «Berria» hitzak erakarpen berezia du denongan. Umeekin hasi eta adineko guztiongan. Berri guztiek aldaketaren bat suposatzen dute, eta hauek ez dute denen onarpena izaten, onerako izan arren. Ohiturak, oso sustraituak baldin badira, aldatzea zaila gertatzen zaigu, bai ohitura pertsonaletan, bai gizataldekoetan. Zailtasunak hor daude. Denok gara zailtasun hauen lekuko, nahiz eta askotan, geure osasunaren aurkako ohiturak izan.
Garai batean, ez zegoen nahiko informazio alkohola edo tabakoari buruz, eta ez zitzaien garrantzirik ematen, ez bata, ez besteari. Alderantziz, haurrei, adibidez, edari goxoak, baina alkoholdunak ematen zitzaizkien makalaldiren bat izaten zutenean, beren egoera hobetzeko asmotan. Tabakoarekin ere, berdin gertatu zen. Hasiera baten, ezaugarri sendagarriak zituela uste zuten. Eta orain urte gutxi arte ez ziren ezagutzen bere ondorio kaltegarriak. Horregatik, ez da harritzekoa, zigarroa erretzeak ez izatea debekurik. Toki guztietan erretzen zen; bai toki pribatuetan, bai publikoetan. Etxebizitzako egongela edo jantokian erretzen zen. Irakasleek, ikasgelan, ikasle adingabekoen aurrean erretzea normala zen. Eta hauek ere, adin nagusikotan, unibertsitatean, adibidez. Garraio publiko eta pribatuetan ere, berdin gertatzen zen. Autobusetan, trenetan, hegazkinetan, bakoitza bere auto barruan, denak ziren erre tokiak. Hegazkinetan, gogoratzen dut nola bereizten ziren erretzaile eta ez erretzaileen tokiak; eta biletea erostean galdetzen ziguten non nahi genuen bidaiatu: erretzaileen edo ez-erretzaileen artean. Eta behin baino gehiagotan, erretzaileen artean bidaiatu behar izaten genuen, erretzaile askok ez erretzaileen aldea aukeratzen zutelako, nahiz eta gero, bere pitiloa botatzeko erre ahal zen aldera mugitzen ziren.
Beste bidaia bat zigarroaz lotuta gogoratzen dudana Marruekosera autobusez egina da. Bidaiari gehienak erretzaileak ziren, eta itzuleran, autobuseko ordu luzetan sortu zen kei giroa jasangaitza izan zen ez erretzaileontzat. Baina tabernak, bereziki, eta jatetxeetako bazkal edo afaslosteak izaten ziren, askorentzat, une preziatuenak, beraien zigarro edo puru habanoez disfrutatzeko. Erretzaile gehienak gizakumeak izaten ziren. Emakume batzuk erretzen ikustea onartzen bazen ere, ez zegoen oso ondo ikusita; gutxi ziren erretzaileak.
Garai haietan ez genuen uste gaurko egoera ezagutuko genuenik, eta erretzaileek hainbeste eragozpen izango zituztenik. Hala eta guztiz ere, ez dira gutxi oraindik zigarroaren menpe daudenak. Beste ohitura bat, gaur egun desagertuta dagoena, egun berezi batzuk izan ezik, tabernatan hondakinak lurrera botatzea zen. Zigarro erretzaileei jarritako oztopoak, denon onerako izan dira, eta ez erretzaileok, batez ere, eskertu dugu egoera berri hau. Baina denok, azken baten, irabazi dugu. Adibide hauek erakusten digute aldaketa ezinak dirudienak posibleak direla, eta beste erronka askoren aurrean, esperantzak ezin direla galdu.