Ahozkotasuna eta idazmena
Historian luzaroan eztabaidatu eta aztertutako gaia adierazpenerako lehentasuna zeini dagokion izan da: ahozkotasunari edo idazmenari. Gai horren inguruko lehen gogoeta sakona Platonek (427 K.a. – 347 K.a.) Sokrate bere maixu filosofoak Fedro filosofoarekin izandako elkarrizketa idatziz jasotako Fedro idazlanean adierazten du.
Sokrate filosofoak (K.a. 470 – K.a. 399) Fedrorekin duen elkarrizketan idazmenaz jardutean, Egiptoko antzinateko Theuth jainkoak, zenbakiak, kalkulua, geometria, astronomia eta idazmena ere sortu zituen aipua dagi. Egiptoko Thamus erregea Tebas-eko hirian bizi omen zen, bertan egoitza ofiziala baitzeukan. Theuth-ek berak sortutako arte guztiak erakutsi omen zizkion Thamusi, bakoitzaren erabilgarritasuna adieraziz eta, azkenik, idazmenaren xehetasunak emateko garaia iritsi zenean eta idazmenaren onura guztiak azaltzean, Theuth erregeak egiptoarrek idazmenarekin askoz jakintsuagoak izatera iritsiko zirela aipatu omen zion Thamus erregeari, idazmenak memoria nabarmen gehitzeko gaitasuna zuela adieraziz batera, Egiptoko biztanle guztien jakintza eta hobekuntzarako idazmena hedatzearen eskabidea aurkeztu zion. Thamusek, baina, idazmenaz guztiz kontrakoa lortuko zela aipatu zion, idazmenaren karaktere finkoez fidatzean memoria lantzetik urruti idazmenak ahanztura sorraraziko baitzuen.
Agian erabat informatizatuta dugun gizarte honetan, aipatutakoa erabat bitxi begitandu daiteke baina Antzinateko Grezian (K.a. V-IV) idatzizko hitza ahozko hitzaren ordezko baino lagungarri legez aintzakotzat hartua izan zen. Homeroren poema epiko grekoak, hau da, mendebaldeko literaturaren oinarri nabarmen diren bere poema bilduma, poesia, tragedia eta ahozko ekoizpena, buruz ikasiak edota abestu edota ozen irakurtzeko besterik ez ziren idatzi.
Platonen garaian, ahozkotasunaren lehentasuna idazmenaren gero eta gehiagoko garrantziaren aldeko eraldaketa prozesuan zegoen, eta iragate aro horretan, hitzezko eta idatzizko logos-en arteko harremana, eztabaida bizi, ugari eta sakonerako gaia izan zen.
Herodotok, (K.a. 484-K.a. 425), filosofo grekoa eta Lehen Historialaria, eta Tucididesek, (K.a. 460-K.a. 396) Historiografia zientifikoaren sortzailea, euren historiak idatziz jarri zituzten eta Anaxagorasek eta Demokritok (hizlariak biak) euren Tratatuak ere idatziz jarri zituzten arren, ohiko praxia idatzitako testuak hirugarrenei ahots ozenez irakurtzean zetzan.
Garai horretan Isokrate hizlari eta politikariak (hizlaritza idatzizko genero bihurtu zuen) eta Alzidamante sofista grekoak ere (hitzaldiak ez zirela idatziz jarri behar zioen, egoeren arabera sortu baizik) elkarren artean eztabaida sakona izan zuten.
Platonek, idazmenaren kalterako ahozkotasunari erabateko lehentasuna ematen zion arren, idazmena, bere gustuko izan ez arren, erabateko eta atzeraezinezko adierazpidea zenaz ohartzean, bere filosofia garai hartan eta baita ondorengo gizaldietan ere nonahi hedatzeko bere asmoa gauzatu zedin, narotasunez, ugari, oparotasunez, idatzi zuen.
Platonek Fedro idazlanean Sokratek Fedrori esandakoa jasotzean, honela dio idazmenaz: “[…], hori bai, behin idatziz zerbait jartzean, hitzek aldi oro dabiltza batera zein bestera, berdin adituen artean zein ezer axola ez zaienen artean ere, hitz nori egitea komeni zaien eta nori ez bereizten jakin gabe. Eta bidegabe iraindu edo gaitzetsiak direnean, [hitzak] aitaren laguntza beharrean izaten dira, eurak beren-beregi euren buruaren alde egin edota laguntzeko ez baitira gai izaten“.
Gaurko gizarte ero honetan, ahozkotasunari, idazteko gaitasunari eta irakurketa trebetasunari ere, zoritxarrez, arreta oso gutxi eskaintzen diegu.
Ondorioz, gazte, nerabe eta baita heldu askok ere trebetasunoi dagokien garrantzia ez ematearen ondorioz, gaitasun horiek landu eta garatzeko ahaleginik egin nahi ez izatean, irakurtzen jakin ez izanak eraginda eta irakurketa ohiturarik ez izatean, hizkuntzaren erabilera maila, ahozkotasunerako gaitasuna, eta irakurgaitasuna bera ere, egoera oso larrian ditu. Eta, jakina, hobera ezean,…. txarrera.