Aldagaitzak
Kezkatuta gabiltza klima aldaketa dela eta. Denok ez, ordea. Badira sinesten ez dutenak. Koronabirusa ere bildurra sartzeko, jendea kontrolatzeko omen da. Denok poztuko ginake ez balego klima aldaketarik, ez koronabirusarik. Bitartean, gero eta ozeano zikinagoak, gero eta lehorte handiagoak, Lur planetaren tenperatura etengabe goraka, glaziarrak urtzen eta itsas maila igotzen, gero eta ekaitz bortitzagoak eta gero eta sarriagotan…
Planetaren egoera hondatzen ari gara. Zorigaiztoko gertaera hauek saihestea ez da samurra. Gizakiaren bizitzan aldaketa zailak eta sakonak egin beharrean gaude. Horien artean, egunero bizi dugun migratzaileen mugimendu larria eta geldiezina aurkitzen da. Gero eta sarriago azaltzen da hedabideetan klima aldaketaren arazo larria, eta koronabirusaren ondorioak ere urbiletik ezagutzen ditugu. Askok, zoritxarrez, bizitza galdu dute, eta beste askok haren eragina izan dute euren osasunean edo izaten ari dira.
Une honetan badirudi kontrolatuta dagoela eta okerrena pasatu dela. Baina geroa nolakoa izango den ez dakigu. Hasieran esames asko izan ziren, eta, batzuen ustez, ohituren aldaketa ekarriko zuen; etorkizuna ez zen berdina izango.
Urte eta erdi pasa ondoren, berriz, ez dirudi horrela izango denik. Gazte eta heldu, denok amesten ari gara koronabirusaren aurreko bizitza berdinera itzultzeaz. Badirudi ekonomia hobetzen ari dela eta betiko martxa hartuko duela. Giza-harremanak kaltetuta geratu ziren, baina poliki-poliki normaltasunera itzultzen ari dira.
Klimak behartuta aldaketak egongo dira. Baina aldaketa zail horiek gertatzen diren bitartean, harritzen gaituena batzuen portaera da. Horra hor Bilboko eta Donostiako tabernariek eta ostalariek hartu behar izan duten erabakia: beraien lokalak ordu batzuetan ixtea erabaki dute, penagarria da. Gaueko aisialdiagaz lotutako portera batzuk ez dira ondo ikusiak izan aspalditik, helduen aldetik batez ere. Baina ez da gazteen arazo hau zuzentzeko daukagun kasu bakarra.
Gaurko gizartea autokontzientzia egin beharrean dago gazteen ohitura horiek eta helduen beste asko aldatu beharrean gaudelako. Suposatzen da horretan dabiltzala guk aukeratzen ditugun agintariak. Baina, ikusten denez, ohiturak aldatzea oso zaila da, eta agintariez gain denon parte hartzea beharrezkoa da.