Aldaketa bat, mesedez
Gaur egungo irakaskuntza sistemak onurak baino arrakala gehiago dituela gero eta argiago dut. Ez dut ulertzen nola ez ditugun guztiok eskubide eta aukera berdinak. Banakoen arteko desberdintasunak nolatan izan dezake horrenbesteko pisua? Zergatik ez dugu guztiok hezkuntza on bat jasotzeko eskubidea? Guztiz haserretzen nau horrek. Esaten den moduan, «moñorarte» nago klase arteko desberdintasunak mundu honetan dena erabaki eta mugatzeaz.
Irakaskuntza sistemari begiratuz, gaur egun, tamalez, ikasle bakoitza bere izenez baino, bere bataz besteko notaz ezagutzen da gelan. Ikasleon formakuntzan, hezkuntza emozional eta sozialak duen garrantziaz ohartzen garenean, kristolako aurrerapausoa emango dugula uste dut. Edozein gradu edo ikasketetako ikasle izatearen gainetik, pertsonak gara. Honek dakarren guztiarekin. Arazoak ditugu sarri, eta horien aurrean irakaskuntza sistemak langundu baino, zigortu egiten gaitu. Politikoek beraien hitzaldi amaitezinetan hainbestetan erabiltzen duten «enpatia» hitz hori faltan sumatzen dut kasu horretan.
Azterketa bateko notari ematen zaio ikasle bakoitzaren esfortzu, baliabide eta lanei ematen zaiena baino garrantzi handiagoa (azterketa horretarako ikasitakoa, seguraski hortik hiruzpalau egunera ahaztuta izango dute ikaslegoaren %80ak). Ikasturtean egindako lan edo euren etorkizunera begira egiten diren alde praktikoak askoz baliagarriagoak direla esatera ausartzen naiz. Izan ere, irakaskuntza sistema ororen helburua ikasleak lan mundurako prestatzea izan beharko litzateke, eta hori lortzeko, hezkuntza, ikuspuntu praktikoago batetik begiratzen hasi beharko ginateke. Beti ere tolerantzia, elkartasuna, eta erantzunkizun soziala bezalako baloreak uztartuz. Azken finean gure bizitzen zati handi bat ikasketei dedikatzen diogu, eta gizatasun falta izugarria nabaritzen dut arlo horretan. Beharrezkotzat dut ikuspuntu birmoldaketa bat honetan. Beraz, egin dezagun aldaketa bat, mesedez.