Alex Zubia: "Garapen irakunkorra"
Baserritarrok abaintaila asko ditugu gure eguneroko bizitzan kaletarrokin alderatuta. Horietariko bat da gure buzoietara ez dela ia propagandarik iristen.
Azkenaldi honetan bi iritsi dira. Lehena, Autzaganeko errepideko obrak direla eta. Eskuorri txukun batean Aldundiak egindako lana eta honen onurak azaltzen dizkit; baita zenbat ordaindu behar izan dudan eskatu ez dudan obra honegatik ere, 64.000.000 euro baino gehiago. Hitzez hitz, «lagundu egingo dio bertako enpresen lehiakortasunari, eta, era berean, aukera ona izango da beste enpresa batzuk bertan ezartzeko».
Oso ondo dago hori, eskualdean lanpostuak sortu, guztiz beharrezkoa da. Baina segidan zera aurkitu dut: «Pertsonentzat. Bizkaiko Foru Aldundiak, lurraldearen garapen iraunkorrerako bere estrategiaren barruan, proiektu hau egin du, egunero 15.000 ibilgailuk erabiltzen duten errepide baten segurtasuna hobetzeko eta Busturialdeko eta Bizkai osoko herritarren onurarako».
Uste nuen egiten diren ekintza oro, zuzen edo zeharka, pertsonentzat zirela. Hau da, natura babesten badugu, ez da naturarengatik, gugatik da. Lanpostuak sortzen badira ez dira enpresentzat, herritarrentzat baizik; aberastasuna sortzen bada, pertsona batzuentzat da, batzuentzat behintzat.
15.000 ibilgailu baino gehiagok zeharkatzen omen dute Autzagane egunero. Eta Aldundiaren «garapen iraunkorrari» esker bide hori arinago egingo dute.
Baina inon ez dut aurkitu leihakorragoak izango diren edo sortuko omen diren enpresa horiek ibilgailu kopurua 15.000tik 5.000ra gutxitzen lagunduko dutenik, honekin jendearen bizi kalitatea hobetuz, kutsadura gutxituz, familien ekonomia lagunduz gasolina eta kotxe kostuak murriztuz, seme-alabentzako denbora gehiago izan…
Bigarren eskuorria Gernikako industrialdean Aldundiak eraikiko duen Elkartegikoa. 8.2000.000 euroko kostua aurrikusita. Hau da hau, lana sortu ahal izateko 8,2 milioi euro eta honi laguntzeko 64 milioi euroko azpiegitura bat? Zerbaitek huts egiten du ekuazio honetan.
Agian, batzuk, Suitzako garapen iraunkorra dugu buruan eta beste batzuk Suitzako bankuen garapen iraunkorra.