Gauden «proces»-aren garaietan batzuek izenburuan komatxo bat ahaztu dudala pentsatuko dute,, eta benetan «Joan (Espainiatik) Carles (Puigdemont)» esan nahi dudala. Baina ez, ez dut komarik ahaztu, eta ez nuen hori esan nahi; azken finean, nor naiz ni, ez inor, katalanek, edo euskaldunek zer egin behar duten esateko. Epa, euskaldunek zer nahi duten esateko bai, hor ba naiz, ni ere. Garantiekin edo garantiarik gabe, baina banaiz nor gure herriaren etorkizuna erabakitzeko.
Horretan dabiltza batzuk eta Joan Carles, zure herriko erreferemduma garantiarik gabe egingo den hala ez eztabaidatzen. Garantiarik onena herria bera eta bere borondatea da.
Beste batzuek ez dute horrela pentsatzen, gure lau lehendakarietatik bik, behintzat, Euskadikoa eta Espainiakoa; Nafarroakoak eta Euskal Hirigune Elkargokoek oraindik ez dute horrelakorik esan. Euskadikoak ere ez zuen garantiarik aipatzen bertoko hauteskundeak bigarren indar politikoa aurkeztu ezinik, ilegalizatuta, espetxeratuta zegoenean. Badakizu, lagun, errezago lastoa besteen begietan, burdin hagea norbere begian baino. Erderakada bat da, baina nahiago dut ezeroso sentitu erderakada batekin, eroso nirea ez den Espainian baino.
Lagun, nola aldatu diren gauzak, abestiak dioen bezala. Lehen Kataluniatik gurera etortzen ziren «ikasten» edo laguntzen, edo miresten, edo dena delakoan. Eta orain alderantzizko bidea egin beharrean gaude. Penaz eta pozez. Penaz gu oraindik honela gaudelako; pozez zuek dagoeneko horrela zabiltzatelako.
Egun hauetan zutaz oroitu naiz, zure herriaren etorkizuna atakan dagoen momentu honetan. Zein harro izango zinen orain zure herriaz. Zutaz oroitu naiz, eta Bertold Brecht-en olerkiaz ere. Batzuek bizi guztia borrokatzen dute, eta horiek dira nahitaezkoak. Baina borroka irabazteko, egun bakar batez borroka egiten dutenen laguntza ere behar da, horiek ere onak direlako. Orain arte Espainian eroso sentitu, baina egun bakar batez, bederen, estelada ateratzen duten horien laguntza ere beharrrezkoa dela deritzot.
Urriaren 1ean zutaz gogoratuko naiz, eta Irailaren 27an zu eta beste askotaz. Eta bietan, lagun, gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak…