Alex Zubia: 'Lau urte eta gero hau'
Asteon komunikabide guztietan izan da laugarren urteurrena. Gaurkoan tranpa txiki bat egingo dizuet. Hemen duzue orain dela lau urte, idatzitako nire ataltxoa:
Aste bete joan da erakundeak, borroka armatua behin betiko uzten duela adierazi zuenetik. Atzo, Bizkaiko Foru Aldundiak, urteetan zehar egoitza nagusiaren kanpokaldean zegoen «bakea behar dugu» pankartatxoa kentzea erabaki du.
Bakea heldu den seinale izango ei da. Bakea. Heldu da. Herri guztietako kanpandorreetako ezkilak jo eta jo ari dira tiraka dituzten txikotak keetan ipini arte; txori guztiak aztoraturik dabiltza han hemenkako bolandera eta txapliguen fuego antiaereoari ihes egin guran; umeak herriko kale eta parketan pozik jolasten, bakearen etorrerak eskoletako jai aste bat ekarri duelako, berarekin batera gizarte osoak, Euskal Herri osoak, aro berri baten etorrera ospakizunen baitan; maiteminduak agarraua dantzan plazatako ehunka erromerietan; urteetan gure herriarekiko elkartasuna adierazi diguten milaka atzerritar gure portu, aireportu eta errepideetatik hurbiltzen gure egun handi hau ospatzeko.
Falta da, baina. Bakerako oraindik falta da, dexente gainera. Falta dira ezkilen hotsak, bolandera eta txapliguak, umeen jai egunak, maiteminduen agarrau dantzak, gurekin ospatzera helduko diren beste herrialdeetako milaka lagunak… Eta falta dira presoak, iheslariak falta dira, arrotzak diren polizi-militar indarren aldegitea, falta dira…
Egia da armen gaia ere hor dagoela, baina denok dakigu behinola PPko buruzagi batek esan zuena egia dela. Hau da, «ETA mata pero no miente», eta borroka armatua behin betiko itxi duela esan badu, hala da. Eta armak, asko daude Euskal Herrian, ETArenak, espainiar indar polizi-armatuenak, frantziar indar polizi armatuenak, ehunmilatik gora diren ehiztarienak… Egon badaude, arazoa erabilpena da.
Bakea. Bakea Aturri eta Ebro ibaien magaletan euskal, frantziar eta espainiar herrien arteko auzotasun jai erraldoia antolatuko dugunean izango dugu, batak bestea errespetuz eta menpekotasun harremanik gabe bizitzea lortuko dugunean izango dugu bakea.
Bakoitzak bere hildakoak izango ditu oroimen eta bihotzean, bakoitzak bere lagunak izango ditu alboan, eta denon artean mundu hobe bat egiten saiatu beharko dugu. Hala bedi.