Alex Zubia: "Lore ustelak Ajangizen"
Hitz polita dugu Lore. Nork ez ditu maite loreak? Alergia dutenek ere ezin izango dute ukatu loreek badutela, naturaren beste edozein izaki bezala, aparteko edertasuna. Euskararen hitz batzuk ere badute aparteko edertasuna. Nork ez du gustoko Sustraia, edota Usoa, Enara… Lurra.
Lurra eta zerua, eta bertan konstelazioak; badakizue, Pegaso, Libra, Galileo…Geminis. Badira berez indar berezia duten hitzak eta hauek esaterakoan irudiak dakarzkite gure burmuinetara. Lurra esan eta nork ez du buruan Amalurra ikusten. Edo Pegasus hitza, grekoa, gaur egun puri-purian dugun herrialdea, hegodun zaldia, agian troikarengatik ihesi Jainkoen artean izatea lortu zuen lehen zaldia. Eta orain beren buruak Jainkotzat dutenek, besteon gainekotzat behintzat, Pegasu, Lurra, Libra, Enara…eta lore hitz ederrak erabiltzen dituzte gure lurraldea zulatu nahi dituzten proiektuak izendatzeko.
Asko edo gutxi denok entzun dugu zerbait Fracking-ari buruz. Egia esan, entzundako gauza gehientsuenak nahiko kezkagarriak. Are kezkagarriago fracking-ari buruzko gauza onenak seguru gutan baino, gure diruetan pentsatzen dabiltzan multinazionaletako jabeen ahoetatik datozenean. Fracking-arekin burujabetasun energetikoa lortuko omen dugu, independienteak izango gara.
Ba, Lore, horrela deitzen da beste herri batzuen artean Ajangiz zulatzeko proiektuak hartzen duen izena. Hemen batu dira Hidrocarburos de Euskadi (SHESA), Petrichor Euskadi (HEYCO), Cambria, Frontera Energy, BNK petroleum-Trofagas, UniónFenosa, Oil gas & Skills eta Montero Energy. Arraioa, Gure Esku Dagoren ekimenean patrozinatzaile ikusi genituen enpresa berberak! Denak gure herriaren alde lanean eta gu kexuka, Bizkaiako %75a zulatzeko eta ustiatzeko asmotan direlako. Esker txarrekoak.
Lore Ajangizekoa, Geminis Bermeo eta beste herri batzuetakoa, Sustraia Markina ingurukoa, Lurra Bilbokoa…eta abar.
Loreak zainduko ditugu bai, ederrak direlako eta usteltzen direnean, baita Ajangizen ere, loreak konpostatu egingo ditugu, gure lurraren baliabideak era jasangarrian probetxatuz.