Alex Zubia: 'Lurgozo, kontsumo arduratsua eta Marokoko erregea'
Bazen behin, kontsumitzaile ekologiko elkarte bat, non hitzaldiak, irteerak eta abarrez gain, bere asmoetan kontsumo ekologikoa denon eskura jartzea eta baserritarrontzat lagungarri izateko helburua ere bazuen.
Hau bermatzeko, bazkideek era amankomunean hainbat barazki, olio, fruta, garbikari… eskatzen zituzten. Horien artean baziren Mediterraneo itsaso alboko herrixka bateko laranja eta mandarinak.
Hauen izen asko ezagunak ziren: navelina, clementinak, salustiana… Etxekoak moduak ziren izen horiek, alboko baserrian ekoiztuak zirela ematen zuen.
Halako batean, ordea, izen berri bat agertu zen firmamentu horretan: Nadorcott. Exotikoa izena, Afrika eta Ingalaterraren nolabaiteko nahasketa ematen zuen, mestizaia, nador-cott.
Gero eta nahiago izaten ditugu gai exotikoak, Azukia Gernikako Indabak baino, sushia Bermeo, Ondarru edo Elantxobeko antxoak baino. Ai, Elantxobeko antxoak! Haiek bai, haiek, Elantxoben antxoaz gainezka egoten zireneko haiek.
Beraz, Nadorcott mandarina exotiko egiten zitzaion Lurgozori, Marisol mandarinak baino exotikoago esate baterako. Exotismoak bazuen ñabardura bat baina: mandarina hau 50 zentimo garestiago da kiloa. Hobea delako, pentsatu zuten. Edo agian, exotikoa delako, exotismoa ere ordaindu egiten bai da, askoz garestiago ordaintzen da garagardoz hazi den txahal baten txuleta, txuleta bat garagardo fresko batez jatea baino.
Baina garestitze horren arrazoia ez zen hain exotikoa, ez. Arrazoia Marokoko erregea zen, «gure» erregearen hain lagun dena, portzierto, elkarri anai deitzeraino.
Nadorcott mandarina berea da eta baserritar batek saltzen duen kilo bakoitzeko royalti bat ordaindu behar dio erregeari. Seguru ez dakizkigun beste royalti asko ordaintzen dizkiogula beste Royal batzuei, feudalismoan bezala, baserritarraren uztaren zati bat, erregearentzat.
Eta noski, hau jakin, eta duela 40 urtetik Marokoren zapalkuntza jasotzen duen herri sahararraren burua izanik, mandarina horiek gabe ere bizi gintezkeela erabaki zuen Lurgozok.
Eta hala bazan eta ez bazan, sinesten ez duenak, sar dadila Interneteko plazan.