Amaia Artetxe: Gorputzak badaki uda datorrela
Ekaina hilabete magikoa zan. Urtean zehar gauza pilo bat pasatuten ziran, asko disfrutaten gendun egiten genduan danagaz, baina, benetako bizitza, bizitza konzientea ekainean hasten zan. Urteko seigarren hilabetean hasten ginen gure buruaz erabakiten. Sasoi barri baten hasiera honetan usaina be desbardina zan (eguzki usaina nahiz ta larregi ez ikusi) desberdin jaten gendun (fruta desberdinak egoten ziran etxean; politagoak, lapikokoa gitxiago jaten zan, antxoak, hegaluzea,… jaten genduzan…); gainontzeko urteko hilabeteetan egoten ez ziranak orduan egoten ziran etxeko sukaldean. Halako batean, amak, armarioetako arropak aldatu behar zirala esaten eban, zapatak be arinagoak izaten ziran eta lantzean behin, erostera be joaten ginen.
Lozorrotik urtengo bagendu bezelakoa zan, ordu gehiago ematen genduzan kalean, jai usaina be asmaten zan. Hilabete horretan ospatzen genduzan kaleko jaiak be; asko disfrutaten gendun orduan San Antonio aldatzeta kaleko ospakizunetaz: dantzak, buruhandiak, lagunak, familia… nostalgia orain. Uda hasten zala gorputzak igarri egiten eban, ziklo naturala balitz bezala makinaria prest egoan uda jateko, uda exprimiteko. Hiru hilabete ebazan orduan udak, hasi eta amaitu, eta gorputzak jakin baekian noiz amaituten zan udako egun luze gozo haietan indar guztiak itzi izan balitu bezela. Hazi egiten ginan udan, edo ez? Bai, iraila ailegaten zanean gehiago genkian biziaz; gehiago genkian pertsonataz, energia asko bidean itzita baina unibertso barri baten ezagutzagaz bueltaten ginen eskolara. Hori eta gehiago zan uda. Urteko sasoirik ederrena nire ustez.
Ez da bardina inondik inora orain. Ez daukagu umeak ginaneko denpora erdia bez. Badakigu noiz hasi eta noiz amaituten dan. Ondo ulertuten doguz sasoi honi dagokiozan aldaketak, buruz dakigu momentu bakotxean gertatuko dana; seguru asko planifikatuta dogulako. Halan da be, horrenbeste urtetan sentitu dana betiko gordeta geldituten danez, gorputzak badaki uda badatorrela. Disfrutatu!