Amodio propioa
Gustoko neban politikea. Gaztetxua nintzanean, sasoi bat izan neban –hainbesteren artean beste bat–, non kasetean nire politikari gogokoenen zintak grabetan nituana. Oposizinotik dirua herritarron partikeratara bueltauko ebela esaten entzuten nituan, eta horrek liluratu egiten ninduan. «Eskerrak», pentsetan neban, euro horreetako baten bat neurea balitz lez. Denporeak aurrera egin ahala, ostera, munduaren benetako funtzionamenduaz kargutu nintzan. Eta, orain, barriz, ezin esan leiket politikea gustoko dodanik; beharbada, ezinbesteko moduren baten interesetan jatan zeozer izango da, bai, baina ez jat gustetan. Gaurkotasunaganako sasi-inposaturiko interes horrek, ganera, nahikoa txarto pasau eragiten dost: gaurkotasunaganako zelanbateko adikzino toxiko bat pairatzen dot.
Gizarteari eta gizartean egiten ari diranak nazka emoten dost: batzuk, isiltzearren; beste batzuk, ez isiltzearren. Betetan ez dan promesa bakotxak atsekabetu egiten nau. Justifikazino bako debate bakotxak sutu egiten nau. Gauzak bere horretan bardin-bardin dagozala ikuste hutsak barrenak astintzen deustaz. Eta, noz edo noz, oso tarteka-marteka, ahaztutzat neukan esperantza hori berreskuratzen dot, nonork gauzak ondo egiten dituala igarten dodanean.
Aberri izena emon deutsien zera hau maite dot. Irakurten nabenak hori ondo daki. Unidade geografiko-ideologiko-identitario-sentimental hori maite dot, ze berak be neu maite nauala sentitzen dot, defendidu egiten naualako: babestu, aukerak eskaini, beso artean hartu eta eskatu barik jagon. Eta, egia esan, maitasuna bera be antzeko zeozer izan beharko litzake, ezta? Bakotxak norberari jagokon lekuan dagoala sentitzea. Inongo baina barik.
Horrexegaitik egiten jat hain nekeza ikustea hainbesteko afan pertsonalez eta horrenbesterainoko epeltasunez zaindu dodan aberriagaz batzuk zer egiten daben. Ezin ulertu leiket biziagaz politikea egitea. Ezin dot konprenidu politikari baten eskuatan egotea nik aukeratzen dodan norbaitenganako maitasunaren legezkotasuna; politikari batek erabagitea pandemietan aditua dan batek erabagi beharko leukeena; politikari batek zehaztea zeintzuk diran nire aukeratze-libertadearen edo, kasurako, emakumezkoaren gorputzaren adierazpenerako mugak; nire birikatan barrena sartzen dan kea purua edo pozoitsua ete dan epaitzea, nonork ke hori politika bihurtzen dabeelako, Txan magoa bailitzan. Bestela esanda: ez dot ulertzen bizia lako zeozegaz politika merkea egitea.
Nago politikea memorian gordetan dan estribillo itsaskor horren pareko zeozer dala: dan, dan, ate joka; dan, dan, inpernuko atien… Akordura ekarten dostez, esaterako, soltau ezin dozuzan eta soltetan ez zaituen maitasun toxiko horreek. Uneoro zaintzea nahiz aditasuna exijitzen deutsazuen horreek; guzurrak pilatu arren, sinisten dozuzan horreek; akatsak zein egoak parkatzen deutsazuezan horreek; eurakanako fedea inoz galdu ez dozuzan horreek. Ze, maitasuna –esaten deutsue– horrelakoxea da: hoba da txarra, txarrena baino.
Ez dot uste nonori zu zaintzeko eskatzea baino egoera tristeagorik dagoanik. Eta, beharbada, horixe da erratea: inoz plantorik ez egitea; zeozer hobea ez exijitzea; beti gehiagora heldu geinkeala pentsetea; geure burua txarto jagotea, beste nonork are txarrago ez egiteko.
Amodio propio apur bat falta dodalakoan nago.