"Andoni Bedialauneta 'Xare' lagunari"

Ezkerrean, Iñaki Gartzia Arambarri eta eskuman, Andoni Bedialauneta Laka “Xare”.
Lagun bati agur esatea ez da erraza. Ez gaude horretarako prestatuta. Horretarako behar dugun kemena lagunarekin zoriontsu izan ginen garaiak gogoratzean biltzen dugu edota elkarrekin bizi izan genituen gertaera historikoak oroitzean, bestela. Eta zu, gertaera historiko haietan aktore izan zinen, parte hartu zenuen, eta handi egin zinen.
Familia ugariko semea zinen, apala. Zure aita arrantzalea izan zen, eta amak atera zuen familia aurrera, adore handiz. Hamalau urterekin, familiari laguntzeko, itsasoratu egin zinen, eta, geroago, Arrantza Eskolan matrikulatu zinen, patroi izateko.
Politika gurutzatu zen zure bizitzan. Errepresio frankista zurekin tematu zen. Atxilotu eta hiru egunez torturatu zintuzten. 18 urte zenituen. Auzitegi frankista batek epaitu zintuen Burgosen, 1969ko azaroaren 27an, beste bi kiderekin batera. Epaiketa politiko hartan epaitu zintuzten, defentsako abokaturik gabe. Auzitegiko epaimahaiak —armadako goi mailako hierarkiek osatutakoa, bibote motzekoa eta Bidelapur eta Terrorismoaren Legearen gainean sablea zuenak— ez zizun zeure burua defendatzeko aukerarik eman. Aldez aurretik erabakitako epaia entzun berritan, eta fartsa hari kontra eginez, euskaraz esan zenuen: ‘Ez dut auzitegi hau onartzen’, eta sumindu ziren sableak erail zituzten preso errepublikarren odolaz zikinduak zituzten haiek guztiak; boterea zutela erakutsi zuten, eta oso garesti ordainduko zenuela adierazi. Eta ordaindu zenuen, garesti oso. 25 urteko kartzela-zigorra ezarri zizuten, baina, hala ere, ez zintuzten menderatu. Zortzi urteren ondoren, askatasuna berreskuratu zenuen. Bitartean, espetxe askotan ibili zinen, Segoviako ihesaldian lagundu zenuen, gose greba askotan parte hartu zenuen, eta hogeita zazpi egun egin zenituen jan gabe, Txiki eta Otaegirekiko eta diktadura frankistak hil zituen FRAPeko bost lagunekiko elkartasunez.
Amnistia eskatzeko egin ziren herri mobilizazioek atera zintuzten espetxetik, eta berreskuratu zenuen askatasuna. Zure bizitza egitea lortu zenuen, eta bizitzarekiko eta ideiekiko leial izan zara. Konpromiso handia erakutsi zenuen gerora ere, LKIn militatu zenuen, familia bat osatu zenuen, eta azkarregi iritsi zaizu agur esateko ordua, baina etxeko lanak eginda.
Handia izan zinen, apala izan zinen. Horregatik zara ahaztezina.