'Euskararen Eguna, ospatu?'
Aspaldi luze honetan, osoko bilkurak, edozelako batzarrak, manifestaldiak-eta “ospatu” egiten doguz. Gure aurrekoak batzarrak-eta egin egiten ebezen, eta urtebetetzeak, Gabonak-eta ospatu. Gaztelaniaren eragin nabarmen hau agertuta, guk, Lekittoko EH BILDUkook Euskeraren Eguna egin egingo dogu abenduaren 3an. Ez dogu ezer ospatuko, ez daukagu zer ospatu eta!
Ez dogu ukatuko hainbat kontutan aurrera pauso handiak egin dirala, hizkuntzaren ezagutza mailak gorakada ederra izan dauela. Ezinbestekoa berau, euskerak bizirik irauteko, baina ez nahiko. Sozioliguistika ikuspegitik derrigorrezkoa da erabilpena. Eta honetan, ostera, egoera kezkagarria bizi dogu, gure herrian be bai. Azken urteetako erabilpenaren beheranzko joerak bere horretan jarraitu ezkero, belaunaldi bi nahiko litzatekez ia-ia desagertuteko, edo azken hiztunen heriotzak iragarteko.
Egoerak eskatu egiten deuskuz adostasun politiko zabalak, politika ausartak eta aurrerakoiak jorratuteko. Ekimen herritarrei hauspoa emon behar jake eta haintzat hartu. Bata eta bestea osagarri dira, uztartu beharrekoak. Herri erakundeak, ostera, badauke zer eta non hausnartu. Ehunekotan, zenbatekoa da aurrekontuetan euskararen normalizazioari bideratuten jakona? Euskera, zein ataletan dago aurrekontuetan? Inbertzioetan ala gastuetan? Gastuetan! Inbertsiotzat hartuten ez dogun bitartean ez dau izango etenik erabilpenaren beheranzko joerak.
Testuinguru honetan, Lekitton, AEK aitatu beharra daukagu. AEK-k,urteetan erakutsi dau bere borondate tinkoa eta eskuzabala helduen euskalduntzean. Beharrerako baldintza eskasetan be prest agertu dira eginkizun horretan jarduteko, baina duintasuna apur bat bada be, inori ezin jako ukatu. Eta Lekittoko AEKren azpiegiturak ez dabe baldintza txikiena be beteten. Sasoia da ganorazko azpiegiturak eskeintzeko AEKri. Hau ezin leike izan gastua, etekin garbiak emongo leukezan inbertsioa baino.
Esandakoak kontutan izanda, euskararen egunean ez daukagu zer ospatu, zer eginik bai ostera. Lekittoko EH BILDUk dei egiten deutse herritar guztiei parte hartuteko Ikusgarri zineman EIXU! herri ekimenak antolatutako ekitaldian. Eta gomuta eragin be bai egunero dala euskararen eguna. Bizi gaitezen euskeraz edo gureak egin dau.