Aske eta asko maite zaituztet
Orduan ikasketetan kaxkarra zen hark laster hartzen zuen barra atzean lanerako tokia. Eibarren eta Mutrikun aurrenekoz, Lekitton hurrena. Ofizioa serio hartuta, Saturrarango txiringitoan egin nituen K13ren berotze ariketak. Gure aitak egunkari honetan Lekeitioko kioskoaren lehiaketa publikoaren berri eman zidanetik denbora gutxi igaro zen neure burua urteetan zehar egon gabeko herriko plazako taberna-almazenak betetzen ikusi arte. Erraz eta ziztu bizian esaten diren zortzi urte igaro dira ordu geroztik, eta ia arrotza zitzaidan toki hura etxea da gaur.
2014an saiatzeak merezi du buruan iltzatuta ekin nion froga pertsonala izan zen K13, eta zalantzarik gabe, proiektu kolektibo eder eta berezi bilakatu da zortzi urte hauetan. Agur ekitaldian sortutako atmosferak pandemia aurreko testuingurura eraman nau memoriak: garagardoz betetako barra ertzeko terrazara, eguraldiaren iragarpena zehatz mehatz aztertuta kresalez bustitako kulturaren arnasgunera…horrela oroitu nahi dut beti txiringitoa. Covid-aren gorabeherak albo batera utzi nahi baditut ere, ezin ahaztu atzokoa horregatik ez balitz sekula ez litzatekeela gauzatuko. Euskaltzaindiaren hiztegian ez da eskertza hitzik existitzen Ibon Goitia eta Jon Akarregiren konfiantza estimatzeko balio duenik. Eskerrik asko Lekeitioko Azkue Ikastola!
Leialtasuna neurtzerik balego, podiuma Lekittoko plazaren orbitan dagoelakoan nago. Ekipo: zuekin bizitza errazagoa eta politagoa da, ez duzue parekorik. Onena opa dizuet, onena merezi duzue, eta horren testigu izaten jarraitu nahi dut beti. Dagoeneko lagun zareten bezerooi, beste hainbeste.
Argazkiak errepasatzean, egun gure artean ez daudenak, lagunak, edota gaur egun gure inguruko antzokiak betetzen dituzten artistak ikusi ditut. Baita, tamalez, agur festan egon ez zirenak ere. Garagardo bat
(zerura) zuentzat!
Josune, Xabat, Sustrai, Unai, Txalainak, Salva, Jagoba, Ibai, Irai… beti kuttun gogoratuko dut «gure BBK Live zoragarria». Plazera izan zen. Eskerrik asko!
Azken hitzak baliatu nahi ditut zintzotasunez, barkamena eskatzeko gaizki egindakoengatik. Ongi egindakoak oroituko dituzuen esperantzarekin gelditzen naiz. Ez dadila kulturaren, euskalgintzaren, justiziaren eta herrigintzaren aldeko haria eten. Asko maite zaituztet.
Adiorik ez.
–Xabi Ulazia (“K13” 2014-2021). Lekeitio.