Aukeratzera behartuak
Apirilean egonik, gero eta hurbilago dugu urtero kaleak urduritasunez betetzen dituen selektibitate hori. Ekaina eta uztaila udaren hasieratzat izan ditugu beti, baina batxilergoko bigarren urtean kontrara da. Behin maiatzeko azterketaldi beldurgarri horri amaiera emanda, burua Saloun, Benidormen edo Conilen izan beharrean, EHUko fakultate desberdinetan izan ohi dugu. Beldurra sartzen digute ikasturte guztian zehar. Inoiz egindako azterketa zailenaren parean jartzen digute selektibitatea. Eta txarrena, 18 urte justurekin gure etorkizuna aukeratzera behartzen gaituzte.
Hortik dator unibertsitatean behin eta berriz errepikatzen duten «ikasleen motibazio falta». Nahiz eta egon badauden, oso gutxi dira txikitatik beraien etorkizuna argi dutenak. Gehienok, gutxienez bost gradu desberdin egin nahi izatetik pasatzen gara. Ni, urte batean hurrengo denak egin nahi izatetik pasatu nintzen: psikologia, barnealdeko diseinua, fisioterapia, cafid, lehen hezkuntza eta arte ederrak. Bakoitzeko pare bat hilabete izan nituen. Etxekoak zora-zora eginda uzten nituen bi hilabeterik behin gradu berri baten informazioa bilatzeko laguntza eskatzean. Izan ere, geroz eta hurbilago zegoen egun jakin baterako erantzun bat eskatzen zidaten institututik. Egun horretan emandako erantzunak ez du zerikusirik aipatutako aukerekin, ordea. Gaur egun kazetaritzako gradua bukatzear nago. Paradoxikoa guztiz.
Nota jakin bat lortzearen autoexijentziak (eta gainontzekoenak) asko nekatu izan nau beti. «X ateratzen ez baduzu, ezingo duzu hainbeste nahi duzun hori egin». Bada, nik neuk ere ez banekien zer nahi nuen. Eta gaur egun ere, oraindik ez dut argi. 23 urte izanik, eta gradu bat bukatzeko zorian egonik, ez dut argi nire etorkizunerako nahi dudana. Benetan uste duzue 18 urterekin gure etorkizunerako hain garrantzitsua izango den aukeraketa hori egiteko prest gaudela?