“
Gabon Gabontzeta, erroskak galtzeta…” Ederrena zinemako gabon kanten koruak. Eguberri eta Urteberri goizeko txokolatea eta txurroak. Errege Eguneko ilusioak eta frustrazioak… Ume aroak, ilusioa aroak.
Asko izango dira Gabonak gustukoak dituztenak eta gutxiengo horren artean ni. Egun horiek hanka puntetan pasa nahi izan arren ingurua behin eta berriz saiatuko da «gabonetako ispiritua» gorputzeko zulo eta poro guztietatik sartzen. Hilabeteak aurretik hasiko dira erasoan; komunikabide ugariek, iragarki miragarri eta liluragarriak tarteko, ordurarte bizi edo izan ez dituzun esperientziak bizitzeko gonbitea egingo dizute.
Kaleko zein dendetako apaingarriek ez dizute utziko aroa ahazten. Gabonetan dena da zilegia, etxea leihotik behera, erotu arte. Gure gizarteak nola erakutsiko du bada elkartasuna erosketen bidez ez bada? Zoriontasuna eta kontsumoa eskutik helduta dator-eta askotan. Umeek bizi duten lilurak bere horretan jarraitzen dute.
Auro Ansorregi
Bazkal ondorengo loxumak errazteko, zer hobeto, urteroko filme gogaikarri eta aspergarriak baino? Aukeran, zerbait probetxuzkoa egiteko badugu, ba… ekin!
Gabonen sinboloa gure gizartean oso errotuta izanik ere, ez dut uste lehen bezain subertsiboa denik esatea ez direla norberak gehien gozatzen dituen egunak. Hala ere, ematen du poza eta alaitasuna sentitzera behartuta gaudela. Urtean osoan jaramon zipitzik egin ez diogun horri munduko zoriona opa behar izatea ere, ez da naturala eta ez zait ateratzen.
«Derrigortuta» amaigabeko menuak eta tripa-festak egitera , nahiz eta jakin egun eta gau horietako ondorioak egunetan jasango dituzula. Zeure buruari, azkena izango dela mila aldiz esan arren, hitza jango duzu, ziur.
«Derrigortuta» txintik ez esatera loteriaren kontua platerera ateratzen denean. Horretan ez duzula sinisten esaten baduzu kopeta zimurtuko dute eta xuhurra zarelako ez duzula erosten pentsatuko dutelako. Eta bekozkoa jartzeaz gain, «arrarotzat» hartuko zaituzte baldin eta esaten baduzu beste modu batera bizi nahi dituzula egunok. Zaila tranpan ez erortzea.
Barrua uzkurtuta joango zaizkigun egunak. Aulki hutsen hutsunea nabariago sentituko ditugun egunak Loaldi luze eta sakonean pasa nahiko genituzkeen egunak. Nolanahi ere, barrura begirako egunak.