Auro Ansorregi: "Berdintasuna... Non...?"
Irrati bidez izan dut argazkiaren berri. Entzun eta segituan jo dut ordenagailura, internet tarteko ikusi ahal izan dut. Emakumeak dira hilkutxa daramatenak. Ekialdeko gertaera baten lekukoa da argazkia. Bandera batek estaltzen du hilkutxa. Nire jakin-mina piztu du guzti honek. Piskat arakatuz iritsi naiz berriaren muinera.
Hogei urteko neska baten erailketaz ari da. Psikologia ikaslea bera. Etxera bueltan desagertu zen neska, mikrobus bat hartu ondoren. Bi egun beranduago bere hilotza aurkitu dute erreka bazterrean. Forentseak dio bortxatua izateaz gain aiztokada ugari jasan dituela, eta ondoren erre egin dutela .
Nor izan daiteke tamaina honetako basakeriaren egilea? Autobus gidariak aitortu du hilketa, baina, aita eta lagun bat izan ditu laguntzaile. Turkian gertatu da. Hango emakumeak beldur dira kalera irteteko, egunero bost emakumek galtzen omen dute bizia Turkian. Gobernuak, berriz, ahal duen guztia egingo duela antzekorik gerta ez dadin, baina, zeinek sinistuko dio emakumeek minigonarik ez janzteko dion agintariari? Emakumeek jendaurrean farrerik ez egiteko dion agintariari? Gizonezkoen eta emakumeen arteko berdintasunean sinisten ez duela aitortzen duen agintari horri? Ekialdean gertatzen da hori. Urruti dago guretik. Eta hemen zer?
Denbora asko ez da CIS zentroak datu kezkagarriak kaleratu dituela. Galdera egindako mutilen hirutik batek ondo ikusten omen du bikotekidea kontrolatzea; norekin dabilen jakitea, nola jantzi behar duen esatea… Baina benetan harrigarriena, neskek ez dutela gaizki ikusten hori, ondo iruditzen zaiela kontrolatuak izatea. Zeloak maitasunaren seinale direla diotenak galdekatutako hiru laurdenak dira. Har ezan hori!
Francoren gerizpean hazi eta hezitakoak hamaika traba eta oztopo pasa behar izan genituen gure askatasunera iristeko. Emakumezko eta gizonezkoen arteko berdintasuna aldarrikatzeko epelak entzun eta gorriak ikusi genituen eta uste genuen atzetik zetorren belaunaldiak gauzak beste modu batera ikusiko zituela, baina… «usteak erdia ustel».
Lana ematen dit guzti hau irenstea eta liseritzea.
Zerbait ez dugu ondo egin, edo…