Auro Ansorregi: Beste behin ere
Hasi aurretik izan nuen honetaz aritzeko tentazioa, baina barruak esaten zidan pasa eta gero hobeto adieraziko nuela sentitutakoa.
Iritsi zen eguna eta etorri bezain azkar joan zen, di-da batean. Orduan goizegi zena beranduegi iruditzen zait orain, iraungitutako kontu bat akaso?
Bestalde, oraingoan kale egiten badut bi urte egon beharko dut zain. Ezin diot ezetzik esan eta aurrera.
Lehendabizikoa dut gogoan, negua, hotza, elurra… Ez zen giro, eta ez zen gure herritik pasa…. Hala ere, txapligu batzuk botatzeko aukera ez genuen galdu, ez ziren Oñatitik entzungo baina… Guk gure aletxoa jarri nahi izan genuen.
Estreinako aldiak beti izaten du «halako» zerbait eta honek ere bazuen, eta hogeita hamabost urte atzera eginez gero, zer esanik ez. Aitortu behar dut orduko sentsazio eta emozioak berriztu egiten zaizkidala edizio bakoitzean. Parte hartzaile izatea egokitu izan zait beti, modu batean zein bestean eta beti lortu du ni hunkitzea eta bereganatzea.
Elementu naturalak ez ditu alde izan beti, baina bai jendearen onarpena. Beste elementuak, agintean zeudenak, berriz, kontra izan zituen urtetan. Agintean zeuden udaletan eta euren esku zituzten komunikabideetan boikot gordina jasan izan behar genuen.
Garai haietan agintari gutxi genuen ondoan eta beti bezala herritarren lanari esker egin izan zen aurrera, «gure herri santu» honetan beste hainbat ekimenetan bezala. Garai ilun eta gogorrak datozkit gogora baina nago, garaiok ikasteko eta gu sendotzeko baliagarriak izan zirela.
Egun inork ez dio euskararen kontra dagoenik, politikoki zuzena ez delako, baina euskarak aurrera egin dezan ere ezer gutxi egiten du.
Lankide izan nuen bati irakurri nion duela ez denbora asko: «eutsiko diogu ekimen herrikoi, alai, piska bat ero baina zoragarri honi». Eta bat egiten dut berarekin.
Segituko dugu gozatzen eta urduri jartzen. Oilo ipurdia jarriko zaigu kantua entzutean. Herria hankaz gora jarriko dugu eguna iristean eta ezin izango diogu malkoari eutsi furgoneta ikusten dugunean. Euritan, eguzkitan zein ilargipean jarraituko dugu gozatzen. Korrika bakarra da eta.