Auro Ansorregi: Kuadrilla
Esanahi edo pisu handia dauka kuadrillak Euskal Herrian. Ez nuke jakingo esaten hemendik kanpo horrelako giza egiturarik edo talderik ematen den ere, baina ezetzean nago.
Komunikabideetan asko hitz egin izan da kuadrillari buruz eta eman izan diren ezaugarriak edo topikoak ez datoz bat nire esperientziarekin: «Kuadrillak itxiak direla, zaila dela bertan integratzea, kontrolatzaileak direla…» eta ez dakit zenbat gauza gehiago. Kontu horiek entzun ondoren baieztapen honetara iritsi naiz: nire kuadrilla bakarra da.
Euskalgintza izan zen gure kuadrillaren sorreraren «erruduna». Garai hartako gau eskolak batu gintuen. Zazpi laguneko kuadrilla izan zen muina. Urteak eta denbora pasa ahala handituz joan zena. Aspaldiko kontuetaz ari naiz baina esan beharrean nago orduko lagun berberak gehi berriak osatzen dutela gure kuadrilla. Baina bizitzaren legeak ez du barkatzen eta gurean ere pentsiodunen kopurua gora doa. Gure arteko adin tartea handia izan arren, sekula ez da oztopo izan edozein egoera zein edozein iritziri aurre egiteko. Urte eta garaiekin batera malgutzen joan gara denok eta ez izan zalantzarik gure onerako izan dela. Emakumezkoak kopuruz gizonezkoak baino gehiago izan arren, berdintasunean mugitu izan gara beti eta hala jarraitzen dugu egun ere.
Edozein gai da libre gurean. Eztabaida mamitsuak eta sutsuak izaten dira gehienetan, baian oso gutxitan atera da ura bere bidetik, inoren azalean jartzeak asko lagundu izan digu guri ere. Gehienok herrian bizi arren kanpoan daudenak ere berehala jartzen dira egunean. Lagunaren lagunak ere badira gure kuadrillakoak eta beso zabalik hartzen ditugu guztiak.
Askotan esaten da familia tokatzen zaizuna dela, aldiz kuadrilla zuk aukeratzen duzula. Egia da. Familarekin ez duzun lotura edo konfidantza hori lagun horrekin baduzu. Kuadrilla =laguna. Laguna edozertarako eta edozein momentutan. Hogeita lau orduko zerbitzuan. Kamisetak, taloak edo txankletak saltzeko. Etxe aldaketan parte hartzeko, taxista lanak egiteko, malkoak eta besarkadak emateko eta jasotzeko… Hori eta gehiago da nire kuadrilla. Altxor preziatua. Estimatzen eta babesten dudan altxorra. Eta hori ez duenak galduta dago.
Gora nire kuadrila!