Azaroaren 11n Greba orokorra!
Hilaren 11an Euskal Herriko etxebizitza sindikatuok, gehiengo sindikala eta herri mugimenduko hainbat eragilerekin batera Greba Orokorra deitu dugu honako aldarrikapenen baitan: Espekulatzaileen espropiazioa, espekulazioaren debekua eta etxebizitza behar sozialen arabera planifikatzea. Deia argia da, hustu ditzagun lan zentroak, ikastetxeak, etxeak… eta bete ditzagun kaleak langile klaseak hain gordin bizi duen etxebizitzaren arazoari guztiontzat bideragarria den alternatiba eskaintzeko.
Gure eskualdean, bereziki kolpatuak gara gazteak eta etorkinak. Ez bakarrik alokairuak (zer esanik ez hipotekak) prezio onartezinetan daudelako, baizik eta sinpleki ez delako eskaintzen urte guztirako alokairurik. Turismo eredu basati batek kolpatutako eskualdea gara, horrek dakartzan ondorio guztiekin. Urte osoan zehar erdi hilda dauden herrietan bizi gara, udan behar bezala kudeatzeko ezinezkoak diren egoerak sortzen direlarik.
Hala ere, asko dira grebaren aldarrikapenekin ados egon arren, greba ez egitera edota ez mobilizatzera eraman gaitzaketen arrazoiak: Askotan esan izan dugu lan merkatuaren beraren aldaketak (prekarietatea, lan tenporalak, kontratu gabeko lanak…) greba egitea zailtzen duela langile klasearen kapa gero eta zabalagoetan. Lea-Artibain, desindustrializazioak eta turistifikazioak bide horretara eraman gaitu zalantza gabe. Hala ere, ez dezagun ahaztu greba ez dela helburua, langile klasearen bizi baldintzen borrokarako tresna garrantzitsu bat baizik. Zentzu horretan, lan handia egiten ari gara greba egiteko edo mobilizazioetara batzeko aukera langile klasearen kapa zaurgarrienetara zabaltzeko. Desanimo orokortua gainditu eta langile klase osoa borrokan batzeko aukera ezinhobea eskaintzen digu grebak, horretan indarra jartzen badugu.
Bestalde, zalantzarik ez dago, greba hau ere, aurretik egondako beste hainbeste bezala gobernu zentrala eta burokrazia sindikalen artean ofizinetan pentsatutako ideia batetik hasi dela, Madrilgo kaleetan sortu zen etxebizitzaren aldeko aldarria aprobetxatu eta irabazi elektorala izateko helburuarekin. Hala ere, batzuetan, esaera zaharrak dioen bezala “nahi eztotela naroie neuk nahi doten lekure”. Ez zuten esperoko PSOE eta enparauek langile klaseak baduela zer esana parlamentuko butaketaz gain, galtzen goazen partidari buelta ematen hasteko. Aukera paregabea zabaldu zaigu greba orokorrerako deialdi paktatu eta erreformistari gainjarri eta ahots eta aldarri propioz kalera ateratzeko. Azaroaren 11n Greba orokorra!