Bakarrik ezinda, lagunekin bai
Zein garrantzitsuak diren lagunak. Gogoan dut txikitan zenbat gustatzen zitzaidan eskolarako bidea zeinekin egin edukitzea. Lehen aldiz kuadrillako kamiseta jantzi nuenean harro sentitu nintzen neure buruaz, lagunak nituen, talde baten parte nintzen, leku bat aurkitu nuen zenbaitetan hain ezleku den munduan. Izan ere, kuadrilla unitate familiar baten gisakoa da, beti bueltatu zaitezke bertara.
Antzerkia, dantza, ingelesa, kirola eta gainerako eskolaz kanpoko jardueretan harremandu ginen gu baino zaharrago eta gazteagoekin, eta egin genituen kuadrillaz kanpoko lagunak ere. Ondoren, unibertsitateak ireki zizkigun begi-belarriak eta ai, zenbat lagun eta zeinen onak eman zizkigun.
Herri txikietan, askotan, ez da erraza kuadrillatik kanpoko harremanak sortzea, baina pixkanaka egin ditugu bestelako topaguneak ere. Ederra da kalera atera eta zeinekin eran, zeinekin afaldu, zeinekin hitz egin edukitzea. Ederra da hamabost lagun inguru biltzea taberna atarian, nahiz eta, egun bakoitzean pare batekin soilik hitz egin behar bezala. Lagun-ezagun asko ditugu, gertu-gertukoak batzuk eta bueltakoak besteak. Konfidenteak batzuk eta ostiral iluntzeetakoak, soilik, besteak. Baina denak beharrezkoak eta garrantzitsuak.
Orain aldiz, pandemia mundial batek eskatzen dituen segurtasun neurriak bermatze aldera, eta geure herrietako mugak ezin pasata, berriro bueltatu gara kuadrillara, unitate txiki eta itxira. Sei edo hamar laguneko neurrian sartzen diren moldeetara. «Zenbat eta lagun gehiago, hobeto» esalditik, «zenbat eta gutxiago, seguruago» esaldira igaro gara. Lagun-ezagunen artean aukeratu beharra baino gauza krudelagorik.
Gure aisialdia aldatzeko eskatu digute; gaupasak lagun gutxi batzuen arteko bazkari bihurtu ditugu, eta poteoak mendi buelta. Baina norekin egin behar ditugun ere zehaztu dute: gutxi batzuekin (ahal dela beti berdinekin) eta herrian. Baina nola onartu urteetan erein ditugun lagun-ezagun talde guzti horiek ezin ureztatzea? Osasuna da garrantzitsuena, ados, baina lagunak ere badira osasuna, babesa, zaintza. Lagun-ezagunak behar ditugu, inoiz baino gehiago. Mundua hankaz gora dago, eta ez digute uzten orain arte gisan garagardo artean eta lagun askorekin batera konpontzen.
COVID 19ari aurre egin behar diogu, zaindu egin behar dugu eta neurriak hartu behar ditugu, baina zer nahi duzue esatea, bakarrik ezinda, lagunekin bai.