Behetik gora
Kalbaixo bezperan argitaratuko da eskualdeko egunkari kuttunean idazten dudan lehen iritzi zutabea. Egunak daukan berezitasun berbera du tartetxo honek niretzat. Izan ere, beti da plazerra txikitik eta behetik gora lan egiten duen komunitate baten parte izatea.
Dena den, gaurkoan behetik gorakoei baino goitik beherako kontuei heldu nahi nieke. Urte guztian bihotzak eta tripak dantzan eduki ditugu urteko egunberezi, akontezimiento, jairikonenak dardaraka eta kolokan ikusi ditugulako. Hainbeste kalbario sortu dizkigun Kalbaixoko bidetik gustura jaisten garen egun eta modu bakarra bertan behera geratzekotan egon da.
Berezia da biharko eguna mutrikuarrontzat: Kalbaixo Eguna. Malen egunak duen dotorezia eta solemnitatetik urruti, biserak eta lastozko txapelak buruan jantzita sagardo eta txorizo usainezko eguna izaten da. Ausartuko nintzateke esatera adin tarte guztietako jendeak festan bat egiten duen egun bakarrenetakoa dugula Mutrikun, irailaren 14a.
Lea Artibaikoentzat Gipuzkoako muga garela kontuan izan da, ohartuko zineten zuek ere inkomunikatuta egon garela, Bizkaia ez, beste guztiarekin. Debako bidea itxita Kalbarioko bidea bihurtu zen gure ihesbide bakarra. Astunak izan dira lanak, bai behintzat gure egunerokoa kalbarioko kurben baitan neurtzen genuenontzat. Esperatzekoa zen, obra luze guztien gisan, hau ere nahi baino gehiago atzeratzea, eta azken hilabeteotan kirioak dantzan zebiltzan herriko festazaleen artean. Debako bidea ireki ezean, goitibeherarik ez. Tragedia usaintzen hasiak ginen, familia bazkari, lagun arte eta taberna zuloetan: «Aurten larunbata tokatu eta Kalbaixo Eguna goitxibehera gabe?».
Alternatiba xelebreren bat proposatzera ausartzen ziren irudimentsuenak: bizikleta poteoak, baltsa jaitsierak edo goitibeherak Olatz auzotik. Baina ezerk ez zirudien urteroko zita parekatzeko adinakoa. Lasai hartu genuen arnasa abuztuaren erdi aldera goitibeherak egongo zirela baieztatzen hasi zirenean hainbat aho. Azkenik, ireki dute Debako bidea, eta konektatu gara berriro mundura.
Eta horrela, ohartu gabe, iritsi da bezpera, parrandarako gogo itzela hurrengo egunberezi, akontezimiento, jairikonena ez izorratzeko moduko ajea edukitzearekin konbinatu beharrekoa. Ez da erraza izango neurria hartzea, beraz, animo, gozatu eta gozatzen utzi!
Bitartean, hemen irakurriko dugu elkar, eta zin dagizuet goitibeherak ez gisan, behetik gora idazten ahaleginduko naizela.