Beldurra bandoz aldatzen ari da
Mendeetan zehar, beldurra emakumeak kontrolatzeko eta menderatzeko tresna izan da. Kalean, etxean, lanean… errepresalien, epaiketa sozialaren edo sinistuak ez izatearen beldurrak, isilik eduki gaitu. Baina zerbait aldatzen ari da. Beldurra, historikoki gurea izan dena, orain erasotzaileena izaten hasi da. Eta sare sozialei eskerrak ari da gertatzen hau.
Instagramen @denuncias_euskalherria profila sortu zenetik, euskal emakume askok ahotsa altxatzeko espazio bat aurkitu dugu. Sekretutzat izan ditugun esperientzia gogor eta mingarriak azaleratzeko babesgune bihurtu da profil hau. Orain dela gutxi arte isiltasunaren konplizitatearen atzean ezkutatuta zeuden izenak, portaerak eta patroiak partekatzeko espazio segurua da.
Sexu-erasoez edo jazarpenaz hitz egitea ez da erraza. Emakume askorentzat, hori egiteak trauma berpiztea esan nahi du, inguruko eszeptizismoari aurre egitea edo berbiktimizazioaren eraginpean egotea. Genero-ikuspegian aurrerapenak egin diren arren, sistema judiziala ez da nahikoa oraindik, eta askotan biktimak zalantzan jartzen dira. Horrek, estigma sozialarekin eta matxismoaren normalizazioarekin batera, isiltasuna bihurtu du askoren hauturik ohikoena.
Gune hori bozgorailu bihurtu da, erasoen eta jazarpenen biktimek beren esperientziak modu anonimoan azaltzeko aukera izan dezaten, eta historikoki bakardadean eraman duten zama askatzeko. Ez da salaketa ekintza bat soilik, baizik eta boterearen dinamikan aldaketa sakon bat: beldurra, hainbeste denboran gugan bizi dena, orain erasotzaileengan ezartzen hasi da.
Salaketa-gune gisa hasi zena, benetako mugimendu kolektibo bihurtu da. Gure esperientziak partekatzean, emakumeak elkarrekin konektatzen ari gara, eta asko antzeko egoeretatik igaro garela konturatzen hasi gara, kasu batzuetan, erasotzaile berdinen biktimak ere izan garela. Elkar aitortze horrek, salaketen sinesgarritasuna indartzeaz gain, arazoaren tamaina ere agerian uzten du.
Erasotzaileek badakite jada ezin dutela zigorrik gabe jardun. Badakite, nahiz eta sistema judizialak askotan huts egiten digun, nahiz eta erakundeak motelak edo itsuak izan, emakume asko antolatu egin garela elkar babesteko. Eta hori ukatzen edo gu gutxiesten saiatu arren, badakite testigantza bakoitza beren boterearen aurkako kolpe bat dela.
Jakina, borroka honek kritikak ditu. Statu quo-a defendatzen dutenak aldaketa horren beldur dira, biluztu egiten dituelako… Salaketa anonimoak arriskutsuak direla argudiatzen dute, eta bidegabeak izan daitezkeela. Beldurra bandoz aldatu da, eta horrek deseroso sentiarazten ditu zigorgabetasunean eroso zeudenak.
Baina salaketa horien anonimotasuna funtsezkoa izan da gertatzen den iraultza honek arrakasta izan dezan. Alde batetik, biktimak babesten dituelako, errepresalien beldurrik gabe hitz egiteko aukera emanez. Eta bestetik, justiziaren ideia tradizionala zalantzan jartzen duelako; izan ere, askotan, emakumeok erabat arriskatu behar izaten gara entzunak izateko. Erasotzaileen errugabetasun-presuntzioa defendatzen dutenek anonimotasuna kritikatu badezakete ere, biktimentzat narratibaren gaineko kontrola berreskuratzeko modu bat da, eta denbora luzez kendu zaie hori.
Anonimotasunak, ordea, ez du esan nahi arduragabekeria denik. @denuncias_euskalherria profileko administratzaileek argi utzi dute partekatutako istorio guztiak berrikusi eta ahal den neurrian berresten direla.
Sobran dakigu gizon guztiak ez direla erasotzaileak… Baina argi dago emakume askok edo gehienok erasoak jasan ditugula bizitza osoan zehar. Mugimendu hori ez doa inoren aurka, guztion alde baizik. Oihu kolektibo bat da, bakarrik ez gaudela eta jada beldurrik ez diogula esaten duena!
Asko dago egiteko. Benetako iraultza beldurrik gabe bizi gaitezkenean iritsiko da, geure burua babesteko profil anonimorik behar ez dugunean, eta sistemak justizia bermatzen duenean. Baina hau, zalantzarik gabe, hasiera bat da. Iraultza haundi baten hasiera. Beldurra bandoz aldatzen ari da eta ez gaitu emkumeoi inork geldituko!