Berrogeita hamabitik bat
Urrun geratu dira udako egun haiek, sugandilek ere non sartu ez zekiten egun haiek. Ortuetan, ahal izan denean, ureztatu eta ureztatu izan da uda honetako Ardura haundiena. Ganaduarekin, neguko jatekoaren erdia janda daukate dagoeneko eta, orain, negua nola pasa ikusi behar. Orain arteko udarik beroena izan ei da, baina seguruenik ez da etorkizunean ezagutuko ditugunak baino beroago izango.
Urrun geratu dira egun haiek, eta eguraldi aldaketarekin batera, Gernika-Lumo eraldatzen den egun horietarikoa heldu da. Badira egun berezi batzuk bertoko egutegian: batzuk alaitasunerako, jaiak bezala; oroimerenako beste batzuk, bonbaketaren urteurrena kasu. Eta bada Jaia, oroimena, omenaldia, lana… dena uztartzen duen eguna.
Urriko Azken astelehena merkatu eguna da, baina jai eguna ere bada. Baserritarrok gure produktuak erakutsiz herritarron aldetik «omenaldia» jasotzen dugun eguna. Ez omenaldi esplizitoa, baina postu bakoitzean begira zelako jeneroa esaten den bakoitzean guretzat omenaldi bat da.
Lan eguna ere bada. Herriak halako itxura hartzeko izugarrizko lana egin behar da. Baserritarrok eta beste askok ere bai.
Eta oroimen kutsua ere hartzen ari da Urriko Azken Astelehena. Oroimena amaitzen ari den lanbide baten inguruan.
Egoten diren Baserritar mahai guztiekin, euskal baserrigintza topera dagoela ematen du. Zenbat jenero, zenbat kolore, zenbat usain. Hor bada herri bat elikatzeko beste ekoizpen.
Aurton ere, izan dugun uda pasa eta gero be, baserrigintzako puzle erraldoia bihurtuko dira herriko kaleak jendez gainezka. Tapiz bat ematen du. Udazken hasi berriko azken tomateen gorriak, kuiatxoen berde indartsua, kuien laranja biziak, zerba, ziazerba, aza eta horrelakoen berde anitzak, alberjinen moreak, gaztainen marroi distiratsuak, artaburuen horixkak, Gernikako piperraren berde eta gorriak… eta milaka jendek jantzitako mila kolore denaren tartean.
Egun polita da, eta eguraldiak laguntzen duenean, astelehen honetan bai eguzkia eta beroa behar dugula, bai bertokoentzat, bai beste eskualde edo toki batzuetatik datorren jendearentzat egun zoragarria da. Horren inguruan zalantza gutxi dago.
Baina azkenean, berrogeita hamabitik bat da, urteko astelehen guztien artean bat.
Eta baserritarrok, baserrigintzak, urteko berrogeita hamabi astelehenetan behar dugu herritarrak, erosleak merkatuarekin bat egitea gure ogibidea mantendu ahal izateko.
Baserriak biziko badira, ez da baserritarrok egindako lanagatik bakarrik izango.
Astelehenean erosi, jan, edan, berba egin, ondo pasa. Baina gogoratu urteak badituela beste berrogeita hamaika Astelehen.