Beste behin feminismoa errudun
Inoiz ez naiz izan futbol zalea. Beti iruditu izan zait misoginiaz, homofobiaz eta “matxorros” betetako kirol bat, edo hobe esanda, industria bat. Izan ere, emakumezko futbolariek urteak daramatzate salatzen Espainiako Futbol Federazioaren aurrean soldaten parekotasunik eza, zeren eta nola jada posible emakume futbolari batek gutxieneko soldatan 16.000 euro jasotzea eta beste futbolari batek, gizonezkoa izateagatik, 180.000. Beste behin diot, guztiaren gainetik industria bat da futbola. Egia da hobekuntzak egin direla emakume futbolarien lan baldintzetan, baina ez nahikoa, eta askok bigarren mailakotzat hartzen dituzte oraindik.
Azken finean, futbola sistema patriarkala erreproduzitzen duen beste esparru bat da; eta Rubialesen figura zein jarrera emakumeek jasaten duten biolentzia estrukturalaren beste adibide bat dira. Maskulinitate hegemonikoaren indar erakustaldi bat.
Gizonak txikitatik sozializatuak dira estruktura patriarkalaren nagusitasuna bermatzeko; eta hor sartzen da emakumeen espazio pertsonala inbaditzeko eskubidea dutela sentiaraztea. Rubialesek, horixe egin du, Jeni Hermosoren espazioa inbaditu, erasotu. Hori gutxi ez, eta ondoren, gezurra esan eta garrantzia kendu nahi izan dio gertatutakoari. Ondoren, jokalariari errua bota, eta guzti horrek balio ez duela ikustean, bere burua biktimizatu. “Sorgin ehiza” bat ari dela egiten feminismoa bere kontra, feminismoari guztiaren errua botaz.
Rubialesen jarrera hau, maskulinitate hegemonikoaren erreprodukzio garbia da, zeinetan ahal den-eta gizonezkoen agertu behar den. Jarrera hori guztiz sexista da, eta gaur egun gizon asko pasatzen dira bertatik aprobazio homosoziala lortu nahian. Zer esanik ez atzetik txaloka edota isiltasunean jarraitzen dioten inguruko guztiez, horiek ere erasotzaile konplizeak direla argi izan.
Laburtuta, Rubialesek ez du dimititzen eta erabaki du arazoa ez dela berea, ez doala barkamenik eskatzera, arazoa feminismoak duela. Rubiales sistemak babestu egiten du, sistema bera patriarkala delako. Baina, Rubiales bezalako zenbat ditugu inguruan?