Biharko arrantza gaurko erabakien menpe
Oraintsu Ondarroako Arrantza Eskolaren inaugurazio ekitaldia izan da. LAB sindikatutik begi onez ikusten dugu arrantzaleen formakuntza bermatu asmoz egin den apustua Eskolaren instalazio aldaketarekin. Hala ere, sektoreak gainbeheran jarraitzen duen honetan arrantza eskolen papera indartu behar da. Ondarroa, Bermeo eta Pasaiako eskolak Euskal Herrian eta nazioartean erreferente diren arren, inbertsio serioak behar dira arrantzak irauteko.
Arrantza Eskola sortu zenetik makina bat ikasle formatu dira bertan, baina zenbat itsasoratzen dira ikasketak bukatu ostean? Belaunaldi berriek zergatik ez dute itsasoratu nahi? Eta emakumeok zer? Eusko Jaurlaritzak arduratuta dagoela dio errelebo faltagatik, baina zer egin du hori aldatzeko? Ezer ez.
Faktore ugarik eragiten dute erabaki horretan, baina LABen ustez lan baldintza txarrek eta soldaten ziurgabetasunak pisu handia dute. Arrantza arloa arautu gabeko sektore erabat prekarizatua da: errealitatera egokitutako lan hitzarmenik ez, segurtasun falta, lan ordu amaigabeak, familia kontziliaziorako ezintasunak… Mundua biraka eta lan baldintzak geldirik. Garbi daukagu belaunaldi berriak arrantzara erakartzeko beharrezkoak direla Arrantza Eskolan planteatutako proiektu eta bitarteko berriak, baina are beharrezkoago deritzogu XXI. mendera egokituko diren lan eta bizi baldintzak sustatzea, gure kostaldeko garapen ekonomikoaren oinarrizko jarduera izan denaren etorkizuna bermatu nahi badugu. Horregatik, ondorengoa exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari:
Euskal Herriko arrantza sektorerako plangintza estrategiko eta jasangarri bat garatzea, zenbateko flota eta zein motatakoa izan behar dugun aztertzea, lizentzien kudeaketa aztertzea, arrantzaleen lan baldintzak hobetuko dituzten neurriak (hitzarmena, lan segurtasun protokoloak, makinaria…) bultzatzea eta belaunaldi berrien – bereziki, emakumeen – eta arrantzaren arteko loturaz hausnartu eta urrats berriak ematea.
Gure etxeetan bertoko arraina jan nahi badugu arrantza sistema berritu behar dugu. Harrapaketa kuoten banaketa justua zein elikadura burujabetzara bideratutako eta sistematizatutako banaketa, eta nola ez, kaladero eta espezieen zaintza eta babesa ziurtatuko duen arrantza politika jasangarria. Gaurko errealitateak eskatzen duen errespetuzko erlazioa behar dugu itsasoa, arrantza eta jendartearen artean. LAB sindikatutik norabide honetan segituko dugu borrokan.
–Leo Belaustegi, Bittor Peso, Sarai Goitia eta Ion Basurko. LAB sindikatua.