Bilatzen zabiltzana aurki dezazula!
Psikologian eta psikologiak eragiten duen egunerokotasunean pertsonen eta hauen bizitzen ikuspuntu estatiko eta moralista izan ohi dugu. Esaterako, aste honetan psikologa bati nire kontuak kontatu dizkiodanean «zure lekua bilatzen ari zara» erantzun dit, munduan niretzako leku jakin bat egokituko balitz bezala!
Ildo berdinetik, aurrekoan, duela urtebete baino gehiago ikusten ez nuen ezagun batekin egin nuen berariaz topo. Gure bizitzek azken hamabi hilabete hauetan eman dituzten buelten inguruan hizketan hasi ginen eta agurtzerakoan «bilatzen zabiltzana aurki dezazula» opa zidan. Eskertu nion bere niganako desioa.
Ezagun honetatik aldenduz, ibiltzen hasi nintzen eta hobeto pentsatuz gero, konkretuki ez dudala ezer bilatzen konturatu nintzen: bidea atsegina izatea baino ez dut nahi, eta hori inongo helmugara ailegatu gabe. Orain dela gutxi entzun nuenarekin egiten dut bat hein handi batean: bizipoza bidaian dago.
Aspaldian irakurtzen nabilen hainbeste (filosofia, teologia eta metafisika) liburuk egiten dute honen inguruan gogoeta: etengabe bilakatzen ari garela, bai gu, pertsonak, eta baita munduko bestelako izaki eta gauzak. Ez gara inoiz era tinko eta aldaezinean gelditzen: inguruarekin eta ingurukoekin harremanetan bilakatzen gara eta eurak bilakatzen ditugu. Ez gara; bilakatzen gabiltza!
Nor ez da iraganean ziurtasun osoz hartutako erabaki edo jokaera batetaz lotsatu? Nork ez dio bere buruari esan istilu horretan hartu zuen jarrera agian muturrekoegia zela? Nork ez du barre egin bere nerabezaroko idoloak edo moda gustuak gogoratuta? Hauek adibide batzuk baino ez dira, bizitzaren une batean guztiz egokiak eta logikoak zaizkigun ideiak, eta horrela gu geu, aldatzen doazela islatzeko.
Bada, etengabeko bilakaera honen ikuspuntutik gure mundu modernoan ezarri ditugun joera batzuk zentzugabekoak dirudite: burugogorkeriaz ezaugarri edo pentsamendu bati eustea, esaterako, ego delako horri hainbesterainoko garrantzia edo zaintza defentsiboa eskaintzea, bizitzaren atal eta aldaketa naturala eta beharrezkoa den heriotza (herrietatik urrun dauden hilerrietan) ezkutatzea, mundua gauza edo partikuletan banatzea…
Horren ordez aintzat hartzen dugun guztia (egoerak, banakotasunak,…) prozesu erlazionalen ikuspuntutik aztertzea proposatzen dizuet, bilatzen zaudetena bilatzen zabiltzatela, oro har zentzua eta zoriona aurki eta eraiki dezazuen.