Bilbo - New York - Bilbo
Etxean hegazkinak oso gustoko ditugu, batez ere aita eta biok. Jakin badakidan arren ez direla batere berdeak, hegan egitea gustatzen zait gaztetatik, eta hegaldi oro gozatzen dut. Duela urte batzuk, Bartzelonan bizi nintzenean, astero hartu behar izaten nuen hegazkinen bat edo beste, eta niretzat opari bat zen bidaia bakoitza.
Txikitan aitari galdetzen nion ea ikusiko nuen Bilbon hegaldi trasatlantikorik. Hain ditut gustoko hegazkinak, 18 urte bete nituenean nire oparia Bizkaia hegazkin pribatu baten zerutik begistatzea izan zela. New Yorken bizi nintzenean, antzerako zerbait. 22 urte bete nituen egunean, Nueva York airetik ikus nezan helikopteroan bidai bat oparitu zidaten gurasoek.
Duela hilabete batzuk jakinarazi zuten ekainean Bilbo – New York zuzeneko hegaldia kaleratuko zutela. Etxean aukera paregabea iruditu zitzaigun buruan geneukan bidai hau gauzatzeko.
Hegaldiari buruz zer deritzodan galdetuz gero, konexio zuzen hau mundura leiho bat irekitzea izan dela iruditzen zaidala esango nuke. Eta leihoak, beti dela hobe irekita badaude. Haize freskoa sartu dadin, ideia berriak.
Baina gaur ez nator ez, bakarrik hegaldiei buruz mintzatzera. Gustatuko litzaidake gaurkoan hausnartuko bagenu bidaiek ahalbidetzen dutenaz. Politikoki Ameriketako Estatu Batuek gaur egun bizitzen dabiltzan egoerarekin batere ados ez banago ere, badaude hemen, batez ere New Yorken, gustatzen zaizkidan ohitura edo jarrera sozial zenbait.
Bidaiatzen dugunean, nire ustetan, saiatu beharko ginateke onak iruditzen zaizkigun ohiturak gureak egiten, eta partekatzen ez ditugunak Euskal Herrira bueltan ez ekartzen. Adibidez, Estatu Batuetan, ez dira batere ekologikoak. Orokorrean. Noski badaudela leku guztietan gai honi buruz arduratuta dauden pertsonak. Baina ohikoa hemen kontsumismoa da, kapitalismo basatia. Agerikoak eta nabarmenak diren zein antzematen diren desberdintasun sozialek ere zer pentsa ematen dute.
Aldiz, hiri kosmopolita delako agian, eta seguraski, Estatu Batu guztian zehar ez da horrela izango, baina hemen gizarteak aniztasuna ospatzen du. Ez, ez nabil agintariei buruz. Horiek badakigu zer pentsamolde duten. Baina kalean jendeak ez du besteak kritikatzeko afan hori.
Central Park-en korrika egitera atera naiz gaur goizean. Goizeko 07:30ak ziren eta jada jendez lepo zegoen, goraino beteta. Baina gomendagarria oso. Adin orotako jendea genbiltzan. Batzuk azkarrago, beste batzuk motelago gindoazen. Baina ez zitzaigun axola.
Arin edo astiro. Erosi berritako azken modako erropekin edo etxean aurkitutako lehen txandala jantzita. Herentzian jasotako aitonarenaz zehazki. Taldean edo bakarka. Binaka, hirunaka edo launaka. Lagunekin edo ezezagunekin. Run Club batean parte hartuz edo kuadrilan. Pertsona lodi, argal, altu eta baxuak, ile kizkur, ilehori eta burusoilak, elkar agurtzen edo animoak emanez, besterik ez.