Birusa garaitzeaz
Zerutik eroria dela dirudi egungo gizartea gogor jo duen koronabirusaren pandemiak. Ez dakigu ezer, ez haren jatorriari buruz, ez honen dimentsio errealari buruz ere. Ez diote ezer horri buruz «gizartearekin» kontaktu bakarrak bihurtu zaizkigun politikari fartsante, prentsa mertzenario edo telebista kate manipulatzaileek. Baina, noiz jokatu dute ba hauek egiari zor? Beste nonbaiten bilatu beharko dugu gertatzen ari denari buruzko egia. Ziur dakiguna da guk ez dugula sortu birus hau. Hala ere, honen ondorio lazgarriekiko arduratsu jokatzea tokatzen zaigu. Ez ordea, bizi dugun egoeraren benetako errudunak seinalatu gabe.
Lehendik martxan zeuden joera geopolitikoak azeleratuko dituen krisia da hau. Guri dagokigunez, Europak mundu mailan jokatzen zuen paper politikoaren gainbehera fasea azkartu da, Ongizate estatua posible izatea ahalbidetu zuten baldintza ekonomikoak desagertzen doazelako. Hala, Estatu burgesari kareta erori zaio. Ez da langileon interesak defendatzeko jaio eta ezin dugu hala ulertu. Burgesia europarrak, partikularitateez gaindi, antzeko estrategiak aukeratu ditu «birusa isolatzeko». Eta ez da kasualitatea. Gobernu txotxongiloek, Kapitalaren interesei erantzuten dien legeen bidez erantzun diote egoera berriari, Hodei Mendinuetak Gedar Kazetan agerian utzi duen bezala. Guztiak, dekadentzian dagoen gizarte burgesari men egiten dieten legeak. Langileok haien ipurdia salbatzea nahi dute, beti bezala.
Fartsa agerikoa da osasunaren defentsan eta aspaldian ezagutu den birus kutsakorrenari erantzuna honakoa denean: «guztiok» etxean isolatzea, gizartearen erreprodukzioa bermatzen duten «oinarrizko zerbitzuak» ez ezik. Ez dabiltza farmazia, janari denda edo antzekoei buruz. Lehendik balorizazio gaitasun gero eta murritzagoa duen kapital bloke europarrarentzako «oinarrizko zerbitzuei» buruz baizik. Ez langileontzat oinarrizko zerbitzuak, Kapitalarentzat baizik. Estatu burgesak eta haren prentsa mertzenarioak ezin dute ezkutatu gure biziak bost axola zaizkienik.
Kaleak indar errepresiboen gimnasio bilakatu dira, eta «alarma egoeraren» aitzakiapean salbuespen egoera ezarri da, eskubide sozial (osasuna, zeharkako soldata…), zibil eta politikoak (biltzeko askatasuna, manifestatzekoa…) deuseztatuz. Etorkizun iluna, langileriaren indar independiente eta efektiboa osatu nahi dugunontzat. Baina ez gaitzala beldurrak harrapatu. Beldurra arrazoimenaren arerio gorena dela zioen batek. «Salbuespen egoera» honetatik ez gara «normalitatera» itzuliko. Ez dago atzera bueltarik. Baina langileok ez diogu beldurrik salbuespen egoerari. Guretzat salbuespena araua da.
–Martzel Navarro. Lekittoko Gazte Asanbladaren izenean.