Bizikidetzarako bidea egiten
Alkate izateak baditu pozik egoteko momentuak be, egindako esfortzuak edo lanak emaitzak ematen dituztenean. Nahiz eta kontziente izan, seguraski kasu batzuetan, gure lana ez dela erabakigarria izan, baina behintzat gu geuk, gure apurra bai jarri dugu.
Julen Atxurra Egurrolaren, Pototoren osasun delikatua ikusirik, 2020ko uztailaren 29ko osoko bilkuran udala osatzen dugun bi alderdiok, aho batez, bere egoera hobetzeko inplikazio aktiboa izango genuela erabaki genuen. Lan horren helburua Euskadiko espetxe batetara hurbiltzea eta ondorioz, bere osasunaren jarraipena Osakidetzak egitea izan zen. Gaur egun, Euskadiko kartzela baten dago. Pausoak ematen geundela, Liherren egoera ere presente izan dugu, eta jada Euskadin dago. Azken finean, espetxeetan dauden pertsonen eskubideak errespetatzen direla defendatzeko eta bermatzeko.
Hainbat izan dira Lekeitioko Udaleko ordezkariok egin ditugun gestioak. Lan diskretua, alderdi politiko biok elkarlanean, zintzotasun eta konpromiso guztiarekin egindakoa, giza eskubide eta bizikidetzaren aldekoa, bere emaitzak eman dituena. Aurrerantzean, beste ate batzuk zabaltzen zaizkie lekittar presoei.
2016an, Lekeitioko Udaleko osoko bilkurak, berriro aho batez, Eusko Jaurlaritzari, 1972ko irailaren 2an, Guardia Zibil frankistak Goiko Kalean hil zituen Joxe Benito Mujika zarauztarra eta Mikel Martinez de Murgia sopuertarren kasua ikertzeko eskaera formala egin genion. Benetan gertatutakoa argitzeko. 50 urte beranduago, bizitzeko eskubidearen urraketa jaso zutela eta exekuzio arbitrarioaren biktima gisa ofizialki aitortuak izan dira.
2022ko urriaren 25ko Lekeitioko Udaleko osoko bilkurak, barriro aho batez, Lekeition, biolentziaren edo indarkeria guztien eta giza eskubideen urraketaren ondorioz izan diren biktima guztiei, egia, justizia, erreparazioa eta merezitako aitortza adierazteko, urtero Memoriaren Egunean, azaroaren 10ean, ikurrina masta erdian jarriko dela onartu genuen.
Bihotzez, eskerrak bidelagun izan ditugun pertsona, senide eta erakundeetako ordezkari guztiei. Lortutako apurra ezinezkoa izango zen denon inplikaziorik ez balitzateke egon.
Gogora ekarri nahi ditut biolentziaren eta giza eskubideen urraketaren ondorioz erailak: Joxe Benito Mujika, Mikel Martinez de Murgia, Alberto Villena Castillo, Juan Luis Etxebarria Agirre, Manuel Vicente Gonzalez Vilorio, Juan Rodriguez Rosales, Santi Brouard Perez, Ignacio Montes Abad.
Pausoak ematen jarraituko dugu, bizikidetzarako bidea egiten, danok batera.
–Koldo Goitia. Lekeitio.