Bost minutu gehiago, mesedez
San Antolin jaiekin batera uda bukatzear dago. Eguzkia gero eta lehenago ezkutatzen da, eta iratzargailuek azken asteetan baino pare bat ordu lehenago abesten dute. Izarak loditu egin dira, hamar kilo gehiago pisatzen dute; ohetik ezin jaikita gabiltza, berunezko orkatilak izango bagenitu bezala. Egunero esaldi bera ahoskatzen dugu: «bost minutu gehiago, mesedez». Ikasleak motxilak prestatzen ari dira honezkero: hautsa kendu, eta arkatzekin, koadernoekin eta urduritasunekin bete. Egun batetik bestera, ia-ia ohartu gabe, Hertzainak taldearen Aitormena abestiak dioen modura, rutinaren morroiak bihurtu gara.
Helmugarik ez duen lasterketan, korrika ibiliko bagina bezala bizi gara, erlojuen orratzen menpe. Tik-tak. Tik-tak. Tik-tak. Gaur biharkoetan, bihar etzikoetan. Presaka, alde batetik bestera, burua galdu beharrean. Egunerokoan zenbat eta gauza gehiago egin ditugula idatzi, orduan eta beteago sentitzen gara, gusturago egiten dugu lo, sakonago.
Urtarriletik iraileraino betetzeko gai izan ez garen proposamenak berridatzi ditugu agendan, eguneroko gorabeherei aurre egitearekin nahiko izango ez bagenu bezala. Zenbat eta gehiago, orduan eta zoriontsuago, baina asteek aurrera egin ahala ohartzen gara ezinezkoa dela norbere buruari ezarritako lan-kargari eustea. Beste urte betez, irailekoak urtarrilerako, eta urtarrilekoak irailerako. Gehienetan, orkatiletatik beruna kentzea eta ohetik jaikitzearekin nahikoa izaten dugu.