BOZKATU!
Eusko legebiltzarrerako hauteskundeak dira domekan. Kanpaina eta diskurtso alderdikoiez haratago, asko kezkatzen nauen gai bat dago. Aurreko batean lagun batek esan zidan: «Ez dut bozkatuko, paso. Nazkatuta nago politikaz!» Eta nik berriz erantzun nion: «Zuk ez duzula bozkatuko? Nazkatuta zaudela? Beti kexatzen ari zara, eta gero ez duzula bozkatzen? Nola daiteke hori? Ez baduzu botorik ematen ez kexatu gero». Horixe izan zen gure eztabaida, gogorra eta luzea.
Alegia, kezkatzen nauena batzuen apatia eta botoa emateko axolagabekeria da. Harrigarria da ikustea bere nortasuna eta eskubideak hainbeste baloratzen dituen gizarte honetan, oraindik ere badirela botoa emateko eskubidea ez erabiltzea aukeratzen duten pertsonak, gero politikak hartzen duen norabideaz damutzeko, hori bai.
Gai horren muinean dago herritarren erantzukizunaren funtsezko nozioa. Demokrazia, aukeratzeko eskubidean ez ezik, hauteskunde-prozesuan aktiboki parte hartzeko betebeharrean ere oinarritzen da. Gure komunitatearekiko konpromisoa da, gure herritarrekiko elkartasunaren adierazpena eta guztion ongizaterako ekarpena. Botoa ematen ez dugun momentuan, gure ahotsari uko egiten diogu, erabakiak hartzea beste batzuen esku uzten dugu, eta horrek gure sistema demokratikoaren oinarriak ahultzen ditu.
Bozkatzea ekintza indibidual bat baino askoz gehiago da; ahalduntze kolektibo bat da. Gertaeren bilakaeran eragiteko eta gure herriaren etorkizunari forma emateko aukera da. Boto bakoitzak asko balio du, eta ahots bakoitzak bere burua entzunarazteko eta desberdintasuna markatzeko ahalmena du. Beraz, ezin dugu isilik egon, eta gero, emaitzaz kexatu.
Ulergarria da batzuk dudak izatea, alderdi batek guztiz ez betetzea, baina egongo da baten bat norbere pentsaerara gehien hurbiltzen dena. Zer eta zelan nahi dut? Galdera horri gutxigorabehera erantzuten dion baten bat beti dago.
Nik argi daukat botoa emateko unean, kontu handiz aztertu behar dugula nolako etorkizuna nahi dugun guretzat. Funtsezkoa da gure balioak eta printzipioak partekatzeaz gain, gure euskal nortasunaren defentsa eta sustapenarekin konprometituta dauden alderdiak eta hautagaiak aukeratzea. Horrek esan nahi du gure hizkuntza, euskara, baloratzen eta babesten dutenei eta gure gizartea aberasten duen kultur-aniztasuna aitortzen dutenei laguntzea direla lehentasunak.
Alde horretatik, euskaldunen izenean hitz egiteaz gain, haien mesedetan jardungo duten alderdiei babesa ematea garrantzitsua da. Gure komunitatearen beharrak eta nahiak ulertzen dituztenak eta beren konpromisoak betetzeko lan egiteko prest daudenak. Euskal Herriaren ezaugarri den aniztasunaren isla fidela izan behar du, eta gutako bakoitzaren erantzukizuna da prozesu horretan laguntzea.
Laburbilduz, hauteskundeetan botoa ematea ez da eskubidea bakarrik, betebehar moral eta zibikoa ere bada, nire ustez. Aukera paregabea da gure nortasuna baieztatzeko eta gure komunitatea indartzeko. Ezin dugu eszenatoki politikoan ikusle pasibo izateko luxua onartu; aktore aktibo eta konprometituak izan behar gara euskaldun guztiontzat etorkizun hobea eraikitzeko. BOZKATU beti!