COVID-19ari ihesi
Urte osoa daramagu COVID-19tik libratu ezinda, eta egin diren ahaleginek esperotako emaitzik eman ez dutenez, gizartean frustrazio handia dago. Psikologikoki eragina izaten ari da denongan, hildakoen familiengan eta ospitaletik pasa diren gaixoengan, batez ere.
Zalantzaz betetako egoera bizitzen ari gara. Ez da harritzekoa, ikusitakoa ikusita eta ez dakigulako noiz arte iraungo duen birus honek gure artean. Eta egoera zailetan gertatzen den bezala errudunen bila ari gara alde guztietan. Kolore guztietako iritziak daude; batzuk birus honen eragina ukatzen dutenen bitartean, beste batzuk agintariek neurri zorrotzagoak ezarri behar dituztela diote. Tartean, alderdi politiko eta beste eragileen arteko ohiko ikamikak betetzen dituzte egunero irratiko orduak eta egunkarien orrialdeak.
Milaka eragilek banatzen dute gizartea, baina birus honek beste banaketa bat gehitu du: alde batetik, gaixotasuna pairatu edo hurbiletik bizi izan dutenak eta, bestetik, birusaren ondoriorik bere inguruan ikusi edo sufritu ez dutenen artekoa. Bi aurpegi desberdinak dira, eta ikuspegi desberdinak izatean, jarrerak ere bestelakoak dira agintariek ematen dituzten neurriak betetzeko orduan.
Egoera zaila da denontzat, gazteentzat batez ere. Gure lurraldean errotutako ohitura askok arriskuan jartzen dute birusaren hedapena etetea, eta ohitura horiei uko egin behar izatea zaila egin zaigu denoi, baina gehiago talde batzuei.
Sustraitutako ohitura batzuk ahaztu beharko direla uste dute askok. Horien artean, asteburuko gauen ordu luzeko jaiak eta jende pilaketak alde batera utzi beharko direla diote batzuek, urte batzutan edo betirako. Bat baino gehiago harrituko da, eta pentsaezina irudiko zaio horrelako egoerara bueltatu litekeenik. Baina mundua ez da hasten eta bukatzen gure belaunaldiak ezagutu dituen ohituretan.
Urrutira joan gabe, Europako herrialde askotan ez da jairik egiten asteburuko gauetan. Hemen, gure artean ere, ez da beti horrela izan. Gau guztia kalean igarotzeko ohiturak ez dauka hainbeste urte. Gazteak eta ez hain gazteak beti horrelako ohitura ezagutu dute, baina beren aiton-amonen gaztaroan ez zegoen gaupasa-jairik. Ikusteko dago koronabirus honen bukaera noiz izango den, eta gure ohituretan ze eragin edukiko duen.
Une honetan amets gaiztoko tunel luze eta ilun honetatik aterako gaituen txertoaren zain gaude.