COVID-19tik haratago
Koronabirus hau zorigaiztoa izan da denontzat, baina, bereziki, hildakoak izan dituzten familientzat. Baita gaixotasuna jasan dutenentzat, nahiz eta gainditu duten. Une batean, beldurra zen nagusi, eta denok emandako aginduak betetzen saiatu ginen. Baina orain lasaiegi ez ote gabiltzan beldur berria hedatzen ari da gure artean.
Gizatiar izaerak dio guregan bizi ez duguna ez dugula benetan sentitzen. Eta iruditzen zait horixe bera gertatzen ari dela honekin. Geure inguruan ez badugu kutsatu denik ezagutzen, zailago egiten zaigu bere larritasunaz jabetzea.
Iritzi oso desberdina daukate gaixotasuna beraiek edo etxekoren batek pairatu dutenek. Hauentzat, esperientzia oso gogorra izan da. Eta gogorra izaten ari da lanik gabe gelditu diren langileeentzat ere. Birusa ez da desagertu, eta denok jarraitzen dugu arriskuan. Etorkizunari begira, galdera asko daude airean. Koronabirusa indarrean egon denean gure artean aldaketa hitza denon ahotan zegoen. Askok esaten zuten, gure gizartea, bizitza, etorkizunean ez zela izurrite ho- nen aurrekoa bezala izango. Baina ideia hau, uste baino bizkorrago baztertzen ari gara.
Askatasun batzuk eman dituztenean, aurretiaz genituen ohitura berdinak inoiz baino amorru gehiagorekin berreskuratu ditugu. Gazteak hasi dira berriro bere botelloiak eta gaupasak egiten. Helduak euren oporrak herrialde exotikoetan pasatzea amesten. Alderdi politikoek ere ez dute atsedenik hartu beraien arteko betiko ika-mikak mantentzeko.
Koronabirus honen garaian nabarmendu da gizakion ezaugarri bat: errua «besteena» izatea, agintariena, batez ere. Beraiengandik beti espero ditugu irtenbideak, batez ere egoera berezietan. «Mundu» guztiak zekien izurrite honi aurre egiteko zer egin behar zen, jakin behar zutenek izan ezik.
Pentsaera honek suposatzen du, alde batetik, agintariak perfektuak izatea, eta hori betetzen ez denez, hor agertzen gara, «beste jakintsu guztiok» arazo guztientzako irtenbideekin.
Kritika behar-beharrezkoa da. Kritikarik ez balego, gizarteak ez luke modu egokian aurrera egingo. Baina, aldaketari buruz hainbeste idatzi eta hitz egitean, etxe barruan egon garenean, badirudi gogoz kontrako aldaketei buruz ari ginela. Baina galdera da ea koronabirusa gainditu ondoren, ez ote dugun aldatu behar daramagun bidea. Orain arteko martxa ondo ikusten ez badugu, hausnarketa sakona egin beharrean gaude. Ohitura pertsonalak aldatzea zaila egiten zaigu denoi, eta gizarte mailan askoz zailago.
Dena den, gu koronabirusaren ondorengo garaiez pentsatzen ari gara, oraindik gure artetik guztiz desagertu ez denean, eta ezin ditugu ahaztu munduan zehar birusa pairatzen ari diren herrialdeak. Ondorioak oso larriak izaten ari dira, eta ikusteko dago zenbaterainokoak izango diren dena bukatzen denean.