Dagoena dago
Badut lagun bat, bizitzak ematen dion kolpe bakoitzari «es lo que hay» esanda aurre egiten diona. Miretsi egiten dut askotan, gauzak datozen bezala onartu eta aurre egiteko duen gaitasunarengatik, egoera desberdinetara moldatzen dakielako, eta gauza bakoitzari alde ona aurkitzen saiatzen delakoa.
Indibidualismoak eta kasu konkretuak alde batera utzita, ordea, jendarte moduan «es lo que hay» edo «dagoena dago» erraztasun handiegiarekin erabiltzen dugula iruditzen zait, maiz. Ni neu ere zaku horretan sartzen naiz, noski. Askotan, dagoenarekin konformatzen garela edo kolektiboki gauzak aldatzeko indarra erabat galdu dugula deritzot.
Gure eskualdean etxebizitza turistikoak txanpiñoiak bezala ageri dira edonon; gero eta gehiago, eta gure herrietako tokirik onenetan. Bien bitartean, etxeen prezioak inoizko altuenak dira, eta etxebizitza duin bat erostea ia ezinezkoa da gazteontzat, baina…. «es lo que hay».
Medikuarekin hitzordua hartzeko egun ugari itxaron behar dira zenbait herritan. Pediatrarik ez dago beste batzuetan. Eta proba medikoak egiteko, espezialistekin hitzorduak lortzeko edo ebakuntzetarako, hilabete luzeetako itxaron zerrendak daude. Baina…. badakizue, «dagoena dago».
Eta osasun mentalari buruz, zer esan? Eguneroko estresa, laneko presioa eta daramagun bizitza erritmo altua jasan ezinda, gero eta gehiago direla psikologo edo psikiatra baten laguntza behar dutenak. 2024ko urriko datuen arabera, azken bi urteetan Euskadin %20 egin dute gora nahasmendu psikiatrikoek. Sistema publikoan hitzordua azkar lortzea ia ezinezkoa da, ordea. Eta pribatura jo behar da norberak ordainduz, beti ere, posible dutenen kasuan, noski. Baina… «es lo que hay».
Iaz, indarkeria matxistak 48 emakume erahil zituen Espainiar Estatuan; horietako 2, Euskadin. Eraildako emakumeen %31k hiltzailearekiko salaketa jarrita zuen. Aurten, dagoeneko, 11 emakume hil dituzte. Noiz arte jasan behar dugu hau? Noiz arte jarraituko dute emakumeok hiltzen? Baina, hemen ere, esandakoa… «dagoena dago».
Estatu genozida batek egindako sarraskiak 54.000 hildakotik gora utzi ditu Gazako zerrendan. Horietatik 17.000, haurrak dira; eta beste 14.000 ume inguru gosete arriskuan daude. Laguntza humanitarioa ia erabat blokeatuta. Bitartean, mundu osoko agintariak, mutu. Baina…beste behin ere, «dagoena dago».
Benetan al dira egoera horiek, eta beste zenbait guztiz onargarriak? Ez ote dago ezer gure esku? Noiz galdu dugu gure aitona-amonek eskubideen alde borrokatzeko zuten grina?
Nigandik hasita, badugu «es lo que hay» eta tankerakoak alde batera utzi, eta behingoz begiak ireki eta gauzak aldatzeko borrokan hasteko garaia. Guk ez badugu egiten, nork egingo du, ba?