Danel Lauzirika: Arrasto bila
Urtea joan urtea etorri, ehun kilometroko ihesaldia egin ostean, helmugarako bost falta zirela harrapatzen zuten Alberto Leanizbarrutia, hala Tourrean nola Vueltan. Elorrioko txirrindularia helmugara bezain hustuta iritsi gara asko Gabonen osteko egunerokotasunera. Gabon Zaharrak urte berria dakar, baina nobedade gutxi. Prekariotasunean bizi garenok Platonen koba baino ilunago dakusagu 2015 berri hau. Eta eskatzen hasita, betiko gurariez gain (osasuna, askatasuna, duintasun ekonomikoa…) benetako notizia bat eskatuko nioke urte berriari, egoera irauliko lukeen zerbait.
Ez dakit zuek, baina azken urteetan ezer ez dela garrantzitsua iruditzen zait. Edozein tsunami (politikoa, ekonomikoa zein soziala) gertatuta ere, astebete barru garrantzia galduko du, asko jota bizpahiru hilabeteko kontua izango da. Espainiako politikagintza ikustea besterik ez dago: Barcenas, Borboien aferak, mota guztietako lapur-sareak… Baina la vida sigue. Hautestontziek zigortuko omen dituzte, baina gogoratu zeinek irabazi zituen hauteskundeak Galizian Prestige hondoratu ostean.
Gobernu aldaketak gerta daitezke (eta izango dira), logika ororen kontrako gorabehera ekonomikoak (nork esan behar zion duela gutxi Putini vodkaren prezioa jaitsi beharrean egongo zela), kultura arlokoak (Fredi Paia Bizkaiko txapeldun!), kirolean entrenatzaile aldaketak eta bigarren mailarako jaitsiera dramatikoak (nostalgiko batzuk baino ez dugu Bielsa gogoan urtero-urtero)… Horiek guztiak historia dira, liburuetan erregistratuta geldituko diren gertaerak analistek zelan edo halan horien arteko loturak egin ditzaten. Hala ere, gertaerok ez dute erroko aldaketarik sorrarazten herritarron artean -edo bai, baina beti alde beraren mesedetan, bestearen kaltetan.
Horixe berori dio Unai Elorriagak bere azken liburuan, soldadu estabatuarrek Abu Grahiben egindako torturak hizpide hartuta: «Agintariek ezin izan zuten guztia ezkutatu, lausotu, buelta eman. Arazoak izan zituzten, politikoak, erlijiosoak, hauteskundeak, gizartea… Baina pasatu egin zen hori ere, ez du ematen arrasto handirik utzi zuenik. Inpresioa da ezerk ez duela arrasto handirik uzten, guztia pasatzen dela, aurpegi berberak daudela gero».
Aipatutako gertaera historikoen oinatza interneten eta zuzenean bizi izan dutenengan baino ez dago, gertukoengan. Besterik ez. Alabaina, internetek gorde bezainbat ezabatzen du arrastoa. Albisteak jira-biraka dabiltza, hurrengoak aurrekoa alboratzen du irakurleak lehena barneratzeko astia izan baino lehen. Goizean egunkariko edizio digitalean albiste nagusi zenak tarte txikia izan dezake biharamuneko paperezko edizioan. Memoriatik desmemoriara pauso txiki bat baino ez dago. Teknikariek ezabatuko dute marka, eta guk geuk ez dugu garrantzitsuena guretzat gordetzeko ahaleginik ezdeusena egingo.
2015 data borobila da, zenbaki polita Big-bang baterako, eztandaren ikusle edota partaide izateko. Arrastoa izan behar da helburua, ez aztarna.