Martxoaren 21ean auzo lotsa eragiteko moduko prentsaurrea eman zuten Aspe eta Asegarce pilota enpresetako buruek. «Hainbestean» koadratzen omen dituzte kontuak, eta, ondorioz, egurra bota zuten sutara: kirol talde profesionalen antzeko diru laguntzak jaso beharko lituzkete eurek ere, baina horrek ez luke eraginik izan beharko ETBrengandik jasotzen duten kopuruan, beste zerbitzu bat da eta. Erakundeek publizitate gehiago egin eta azpiegituren alokairua merkatzearen aldekoak dira Aspe eta Asegarce. Hori bai, badaezpada ez zuten aipatu zenbat diru irabazi duten azken hamarkadan; bazkide diren apustu etxeen bidez ere ez omen dute dirurik irabazten.
Herri txikietako jaialdien aitzakipean, Bidartek eta Etxeberriak inongo erreparorik gabe egurtu zuten Garfe enpresa txikia, aurretik beraien holding-a sortzeko pala, erremontea eta zesta puntarekin egin zuten legez. «Azken hilabeteetan hainbat pilotarik eginiko kontratu amaierako diru sarien eskaerek —Saralegi, Pascual, Xala…— espero ez zuten beste gastu bat gehitu die» enpresa gaixoei.
Bidarte eta konpainiak, baina, suhiltzaile gartsu batzuekin egin zuten topo pasa den astean. Jaurlaritzak 30.000 euroko isuna jarriko omen dio Enpresen Ligari lau t’erdiko finalean alkohola saltzearren. Hori gutxi balitz, adikzioen lege onartu berriak pilotalekuetan edari alkoholdunak saldu zein edatea galarazten du. Aurrera begira, paisaiak sutearen osteko kedar trinkoa iragartzen du trago luzea eta frontoia hain loturik dauden herri honetan. Izan ere, abstemioen esperantzara kondenatu dute Bidarteren harropuzkeria.
Frontoiak Disneyland eta Portaventuraren ereduak jarraitzera behartuko dituzte, eta horrek ohiko zaleen zein jarraitzaile berrien perfila aldatzea dakar
Politikagintzan puntaren puntan egotea da kontua, balio duen bakarra, horrek hainbat esparru propio suntsitzea badakar ere. Geure-geureari eustea baino, komenigarriagoa zaigu Europan eredugarri diren legediak kopiatzea, aitzindari agertzea. Gure politikariek balizko hiritarren araberako araudiak sortzen dituzte, Suediako edo Norvegiako hiritarrek betetzeko modukoak, gure errealitatea eta bizimodua kontuan hartu barik.
Frontoiak Disneyland eta Portaventuraren ereduak jarraitzera behartuko dituzte, eta horrek ohiko zaleen zein jarraitzaile berrien perfila aldatzea dakar. Jarraituko al dute frontoira hurbiltzen denbora pasatzea eta pizgarriren bat edatea helburu bakar duten 60 eta 90 urte bitarteko Astelenako ultra edota hooliganek? Hain arriskutsuak ote dira horiek pilotalekuan alkohola galarazteko? Batak zein besteak, Bidarte eta gisakoen lukurreriak zein gure politikarien eredugarri izan nahiak, on gutxi egingo diote pilotaren etorkizunari. Debekuak zesta-puntari ere ez dio batere onik egingo, jakin ere denok baitakigu parranda dela Jai-Alaik iaz izan zuen berpizte txikiaren oinarria.
Ematen ez badu ere, kontu larria da hau, finean lehen eta bigarren mailako hiritarren arteko tartea agerian utzi duelako. Edo akaso edari alkoholdunak zerbitzatzeari utziko al diote San Mameseko VIP gunean? Agintariek ez al dute alkoholik edango frontoietako gune erreserbatuetan finaletan luzitzea dagokienean? Batzuen eta besteen arteko eskubideen aldea etenik gabe ari da handitzen.
Hari horri tiraka, esan beharra dago Cabacas auzian urak bere bide uherretik jarraitzen duela. Debekuak ezartzea dute lehentasun arazoa argitu nahi omen zuten horiek. Eta, aldi berean, inozoak bagina bezala tratatzen gaituzte. Lau urte pasa dira Iñigo hil zutenetik. Fina Liceranzu zein Manu Cabacasen mina areagotu egiten da egunetik egunera, zuzen zein zeharkako erantzuleak libro dauden bitartean. Justizia eta legea norabide bakarrekoak dira gurean.