Difrakzioa
Lapurtzen digu Geografia tradizionalak espazioa,
inperio ekonomiak aberastasuna lapurtzen digun bezala.
Historia ofizialak memoria lapurtzen digu,
eta kultura formalak hitza1.
Eduardo Galeanok behinola hankaz behera jarri zigunekoa da aurreko hau.
Distortsioen munduan irudikatzeko moduek lapurtzen dizkigute lekuak. Irudiak izanik ere literalitatetik, gorpuztu eta territorio izatetik, gehiago dutenak.
Gure gaurko pentsatzeko eta mundua ulertzeko modua -mendebaldarra- ia oharkabean, naturalizatuta dugun –eta beraz, normalean kuestionatzen ez dugun– eraikuntza oso da. Eraikuntza politiko oso bat, eta ez beste bat. Arrazoiz, mundu mapari erreferentzia eginez idazten zituen autoreak aurreko hitzak. Ez da berdina goi eta behe espazio adierek esaten eta sorrarazten digutena gure baitan esaterako. Badute nolabaiteko mailakatze sotil bat, kasik ohartu gabean barnera sartzen zaiguna, erakartze –eta urruntze– bat ere sorrarazten duen modu berean. Orain, mundu maparen irudira bueltatuz, ez da ausazkoa beraz, ez territorioen azalera ez eta mapa beraren baitan non kokatzen den hauetako bakoitza. Lapurtzen digu –eta die(gu)– geografia tradizionalak espazioa, eta lapurtzen digu nor izana batzuoi2. Zeren lekuak, gauden lekua izateaz gainera, garen lekua ere badela irakurtzen nuen asteon3.
Distortsioen munduan, Ekonomiak lapurtzen digu aberastasuna –ala ematen digu zen aditza?–. Norberaren gaurko eta etorkizuneko kezka, ito sentsazio, lo hartu aurreko egonezinak edo ezinegonak, egin nahi eta ezinak… gutxiegi dute patu, esku ikusezin edo norbere ahaleginetik.
Espainiar estatuak 66.577 milioi4 euro oparitu dizkie bankuei -ala eskaini die zen aditza? Norengandik edo zerrengandik erreskatatzeko?-. Estatu Frantsesean bizi den Bernard Arnault omen munduko aberatsenetako bat. Bernardek 6 minutu (berriz: minutu!) nahikoa ditu ondarrutar baten urtebeteko soldatan (berriz: urte oso batean!) jasotzen dituen diru sarrerak5 bereganatzeko. Edo beste modu batez esanda, gutako bakoitzari ogi barra bat erosteak suposatzen digun zama Bernardentzat 80.674 euroko erosketa litzateke6. Baina ez da Bernard bakarrik, logika kapitalista oso bat da ongi izatea eragozten duena. Gehiengoari bizitza izorratzen diguna. Eta ez da ausazkoa, norbaitek hartzen eta egiten dituen erabaki politikoak dira. Eta beraz, beste modu batez egiterik badago. Distortsioen munduan inperio ekonomiak aberastasuna lapurtzen digu –eta ez eskaini–.
Distortsioen munduan Historia ofizialak lapurtzen digu memoria kolektiboa. Izena jartzea eta kontatzea, memoria eraikitzea, gogoratzea eta aitortzea. Eta ahanzturaren zingirak. Ez da ausazkoa Amerikarena aurkikuntza izendatzea, eta ez kolonizazio. Ez da zoriaren ondorio memoria kolektiboaren protagonistak genero jakin batekoak izatea, ezta ere oraindik historiaren bizipen batzuk kontatu ezintasunera kondenatuta mantentzeko interes berekoia. Ausazkoa ez den bezala, estatua edo kale izen, ospakizun data, liburuetako orri eta dokumentaletako minutuen protagonisten zioa. Historia eraikuntza politikoa da, orain artean eta gurean, bat dena –eta beraz, ez beste bat–.
Distortsioen munduan, lapurtzen dizkigu kultura hegemonikoak hitzak –eta adierak–. Eta hitzak leku konpartituak direla eta hizkuntza munduaren tamainako bizilekua dela. Hizkuntzarekin batera lapurtzen dizkigute mundu ikuskerak, amets egiteko tresnak, maitatzeko moduak eta negar egiteko erak, lapurtzen digute garena egitearen aukera, etorkizuna lapurtzen digute. Zaila egiten da norbere –eta ez hain norbere– markoak deseraikitzea, emandako Egiak desikastea, edo beste nolabait irudikatzen eta egiten saiatzea. Norberarena eta mundu logika ezagutzan sakontzea. Baina nekeza bezain ederra –eta beharrezkoa– da desegitea eta berriz ikastea.
- 1 E. G (2009) La vida según Galeano Canal Encuentro
- 2 Zer adierazten digute mapek? Nor agertzen da mapan –eta nor ez–? Irudikatzea proportzionala da azalerarekiko? Mundu mapari buelta ematea ariketa ederra da deseraikitzeko, edo Petersenen mundu mapari begirada bat botatzea.
- 3 J. S.(2019) Airea ez da debalde. Pamiela.
- 4 G. I (2019) “66.577 milioi euro: Espainiako bankuei emandako diru publikoa “erreskaterako” (Argian irakurritako artikulua)
- 5 Estatistika datuen arabera Ondarroako biztanleen bataz besteko errenta 15.947 eurokoa da urtean.
- 6 Interneten kontsultatu daiteke bere aberastasunekiko norbere urteko errentak suposatzen duena