Dinosauroa
Eta esnatzean, dinosauroak han jarraitzen zuen. Aspaldi irakurri nuen ipuin hori dela gaztelaniaz idatzi den errelatorik motzena (Cuando desperto, el dinosaurio todavia estaba alli). Augusto Monterroso hondurarrak idatzi zuen 1959an eta zazpi berba eduki arren, bere obrarik ezagunena dela esan daiteke, zoragarria izateaz aparte, ipuinik motzena sortu zuelako.
Orain urte batzuk mikroipuin hori interpretatzen jarri gintuzten ikastaro batean. Ipuin horri metafora kendu eta banan-banan zer iradokitzen zigun kontatzeko eskatu ziguten, zer zen horren atzean ikusten genuena edo gure ustez autoreak kontatu nahi zuena. Ipuinean «gu» nor ginen, nolakoak, dinosauroa nor zen, nola zegoen… azaldu behar izan genuen. Gelakideok beste interpretazio atera ziren ipuinetik. Adibidez: goizean esnatu naizenean ondo tratatzen ez nauen nire senarra ikusi dut alboan lo, egunero legez.
Gutako bakoitzaren kontakizunek bazuten komunean zerbait: dinosauroa beti zen gure pertsona baino boteretsuagoa zen norbait: nagusia, gizona, botereduna, zuria, handia, diruduna. Eta ipuinean esnatzen zen hori gehienetan gu ginen, gelakideotako bakoitza, lehenengo pertsona. Gero bazeuden kontakizunetik kontakizunera aldatzen ziren gauzak: adibidez, batzuk dinosauroak lotan jarraitzen zuela uste zuten, beste batzuk berriz, esna ikusten zuten alboan.
Zazpi berba dira bakarrik, baina milaka interpretazio izan ditzake ipuinak eta denek mezu antzerakoa. Mikroipuin handia. Ezin dezakezue imajina zenbat bider akordatzen naizen Monterrosoren dinosauroarekin. Ez naiz ni inor haren literaturan esku-hartzeko, baina zenbat aldiz pentsatu dudan ordutik inguratuta bizi garela, gehiegi direla, ez doazela desagertzen, eta ez legokela txarto ipuinari letra bi gehitzea: eta esnatzean, dinosauroek han jarraitzen zuten.