Dodoa bueltan da 5 urte barru
Telebista gutxitan ikusten dut egia esan, aitortzen dut. Ikustekotan, eguerdi aldera gehien bat, bazkaldu ostean pixka bat. Albistegia ikusi ohi dut, munduan gertatzen ari denarekin eguneratzeko, badaezpada ere. Eta ostean, eguraldia beste tartetxo batean, jendeak ateratzen dituen argazkiak kuxkuxeatzeko batez ere.
Aldi horietako batean harrituta gelditu nintzen berri batekin; antza denez, Estatu Batuetako enpresa bat desagertutako espezieak berreskuratu nahian dabil. Erreportaje osoa ikusi nuen, nola ez. Dodoa ezagutzen duzue zein hegazti den? Bueno, jada duela urte asko Maurizio uharteetan desagertu zen hegazti bat da, hamazazpigarren mende inguruan. Ba, erreportajeak zioenez, espezie hau 5 urte barru berreskuratzeko asmoa daukate.
Bioteknologian aditua den enpresa baten proiektua da, antza denez. Prozesua nola egiten duten zaila da ulertzeko egia esan; niri ere kostatu zait, eta hori denbora dezente pasatu dudala irakurtzen. Laburbilduz, eta oso gainetik azalduta, Dodoaren antza duen uso baten DNA hartuko dute, eta gen batzuk modifikatuz, «Dodoaren forma» emango diote uso horri. Baina genetikoki uso bat izango da, hau da, Dodo baten antza daukan uso bat. Artikulu batean irakurri dudan moduan, oso ondo deskribatzen du zer egiten duten: «Espezieak tuneatu».
Oraindik onena ez dizuet kontatu. Plana milaka «Dodo» sortzea da, Maurizio uharteak berriz hegazti hauetaz birpopulatzeko. Noski, hau guztia ez da batere merkea izan, milioika euro gastatu dira eta gastatu nahi dira.
Zer asmo daukagu honekin? Historian zehar desagertu diren animalia guztiak ekarriko ditugu berriz? Mamutak, Baliko tigreak, Unikornioak edo megalodonak?
Gaur egun ere, badauzkagu espezie asko galzorian, eta ez dakit zergatik ez garen lehenengo daukaguna kontserbatzen eta zaintzen ahalegintzen. Zergatik ez ditugun medio eta errekurtso horiek kontserbazioan eta espezieen desagertzea ekiditeko erabiltzen?