Edozeinen lanbideak
Hiru-lau urtean ikusi barik egon ostean, unibertsitate garaiko lagun batekin elkartu nintzen oraintsu bazkaltzeko. Kazetaritza ikasi zuen berak, eta lantokian beste zeregin batzuetan ari bada ere, inoiz tokatzen zaie komunikazioko lanen bat edo beste egitea. Berbetan hasi ginenean ulertu nuen bazkaltzeko gonbita, norbaiti gonbitatu behar baitzion lanean pasatakoa.
Badaude lanbide batzuk jende guztiak «ulertzen» dituenak. Berdin dio zuk fakultatean lau edo bost urte pasatu izana egunean sei ordu, gehi azterketa sasoietako ikastaldietako ordu mordoa. Ze zure pareko ingeniariak gogoraraziko dizu horrela ez dela Facebookera argazkirik igotzen, kimikari batek esango dizu telebistako audientzien neurketa nola egiten den aldizkari batean irakurri duelako, edo zure entrenatzaileak esango du gurasoei oharra idazteko berdin dela zelan idatzi, total?
Horixe pasa zitzaion lagun kazetariari: bideo txiki bat egin behar omen zuten, gero sare sozialetan zabaltzeko. Euren artean eztabaidan omen zebiltzan berak esan zuenean: «Nahi duzue neuk egitea?». Eta besteek ezetz, lasai egoteko, egingo zutela eurek ze «erraz» egin daitekeela eta sare sozialak «askotan» erabili dituztela.
Horrelakoetan gogoa ematen du medikuarengana joan eta esateko: «Ez ez, nik ez daukat pneumoriarik, uste dut ez zabiltzala ondo, nik daukadana da belauna apurtuta». Eta berak erantzun: «Ez, arnasa hartzen daukazu arazoa, ez belaunean». Baina nik baietz, belauna dela begiratu behar dena, jendeak horra begiratzen duela eta askotan ikusi ditudala apurtutako belaunak.
Ba aizue, oso nekagarria da. Nekagarria da sare sozialei buruz eztabaidatzea, titular negargarriak zuzendu eta «ez zen hainbesterako» entzutea, hizkuntza akatsak eztabaidatu beharra edo «berdin dio» etengabe entzutea. Eta horrela sentitzen garenok sentimendu hori askotan partekatu dugunez, badakit irakasleak ere nekatzen direla, arte ederretakoak ere bai, soziologoak, filologoak eta musikariak. Eta ez dugu enpatiarik eskatzen ez, errespetua baino. Saiatu pentsatzen guk horretaz asko pentsatu dugula, pentsatzen dugula.