€gin zaitez €rtzain! Bai zera!
Bera bada; bera ere bai. Eta horiek guztiak ere badira. Gu xxxxxxxxx gara eta zu ere, izan zaitezke. Bai zuretzat, bai besteentzat onena nahi baduzu. Zure garapen pertsonal zein profesionalerako lanbide baten bila bazabiltza, hauxe da zure aukera. Izan zaitez ertzain. Zure etorkizuna da.
Coca-colaren iragarkietan bezain neska-mutil aurpegi alaitsu eta atseginak. Denak gure onaren eta beraien garapen pertsonal eta profesionalaren alde.
Halako hamaika iragarki ikusi eta entzun ditun azken asteotan.
Zazpirehun «lanpostu»-rako deialdia dago, eta, badaezpada, jakin gabe gera ez gaitezen, Eusko Jaurlaritzatik diru mordoxka bat erabili dute iragarkia han eta hemen kontratatuz, denok jakinaren gainean izateko, inork ez dezala bere bizitza pertsonal eta profesionalerako pagotxa hau galdu.
Baditut hamaika lagun bai beraientzat, bai besteontzat onak diren lan beharrezko eta interesgarrietan aritzen direnak. Batzuk erizanak dira, beste batzuk kaleko langileak, suhiltzaileak, gizarte zerbitzuetakoak, irakasleak, medikuak, atezainak…
Lagun guzti horiek lan deialdi publikoetara aurkeztu dira, beraientzat eta besteontzat onena nahi izanik. Beraien garapen pertsonal zein profesionalaren bila. Denak deialdi publioetara aurkeztu dira, eta inoiz ez dut ikusi horien aldeko Jaurlaritzaren iragarki sorta bat prentsa idatzi, irrati, telebista edota Interneten.
Kontxo, iragarki bakar bat ere ez eta milaka pertsona aurkezten dira Osakidetza, hezkuntza, udaletxe eta abarretako oposaketetara. Agian jendeak bere benetako garapen pertsonal eta profesionalarekiko interesa du, eta iragarkirik gabe ere, han galdetu, hemen irakurri, besteaz txateatu edota whassapeatu… zentimo publiko bakar bat xahutu barik zer-noiz-non dagoen jakitun da.
Lanpostu publikoek kostu bat dute gizartearentzat, gure zerga bitartez ordaintzen duguna; baina behin lanean hasten direnean ordaintzen dugu beraien lana.
Ertzainena ez, ertzainena lanean hasi aurretik ordaintzen hasi behar dugu, neska-mutil irrifarretsu horiek behar ditugula jabetu gaitezen komunikabideetan milaka euro iragarkietan sartu eta gero.
Coca-cola bezain preszindibleak, erderakada barkatzen badidazue.