Egoera berrien aurrean gaude
Aurrekoan irakurri nuen kaleetako argiek hegaztien bizi erritmoan eragiten dutela. Hau da, argi artifizialek. Guk uste duguna baino gauza gehiagotan, gainera.
Adibidez, argi hauek melatoninaren produkzioan eragiten dute, hormona honek ziklo biologikoak erregulatzen ditu. Gainera, migrazioan daudela ere argi artifizial honen ondorioz desorientatu daitezke ere. Beraientzako argia dagoenez, «beti da eguna»; normala, desorientatuta egotea, edozein zentzutan.
Hegaztien kantua, gainera, ozenagoa eta agudoagoa omen da orain leku askotan. Adibidez, kaskabeltz eta zozoetan frogatu da hirietan ozenago kantatzen dutela dagoen zaratagatik (trafikoa, jendea hara eta hona,…).
Etxe txolarreak (kurloiak) edo usoak hazijaleak diren arren, beste era bateko janaria jaten ere ikusten dira. Ziur nago inoiz ikusi dituzula hegazti hauek ogia jaten, adibidez, hirietako kaleetan barrena.
Hegazti askok beraien kabia egiteko, gizakietatik eratorritako materialak erabiltzen dituzte ere, plastiko zatiak erabiltzea, adibidez, nahiko tipikoa izaten da kabi batzuetan. Hegazti askok zigarro-mutxikinak erabiltzen dituztela ere irakurri dut inoiz.
Argi dago naturak egoera ezberdinetara moldatzeko gaitasun handia duela, ez da bakarrik hegaztietan gertatzen. Nik hori bai ikusten dut hegaztietan, azken batean, nire egunerokotasuna hori delako.
Argi dago ere gizakiak gaur egun zerikusi asko daukala bizidun askoren adaptazio eta eboluzio prozesuan. Bueno, agian, eboluzioan eragiten duela asko esatea da, horretarako urte asko pasatu behar baitira, baina bai esango nuke bizidun askoren adaptatzeko eran eragina izan dugula.
Eta honekin ez dut esan nahi aldaketa edo adaptazio hauek onak edo txarrak direnik, hori beste kontu bat da, beste debate bat. Naturak egoera ezberdinetara moldatzeko daukan gaitasun izugarria nabarmendu nahi izan dut bakarrik.
Egoera berrietara egokitzen denak aurrera egingo du, lortzen ez duenak, aldiz, ez. Hori da hautespen naturala.