Elikadura desorekak, anorexiatik haratago
“Nola ez gara ba gaixo egongo, gizartea bada gaixo dagoena?”, bota nuen duela hilabete batzuk elkarrizketatu nindutenean. Gradu bikoitzeko bi gradu amaierako lanak elikadura desorekei buruz garatzen nabilen honetan, ezin dut beste aldera begiratzen jarraitu.
2008an jada Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitateko Kazetaritza Saileko Monika Jimenez Morales irakasleak ikertu zituen anorexia zerbait aspirazionala bezala saltzeak zekartzan albo kalteak. Bi hamarkada geroago, eta sare sozialen erabilera masiboa tarteko, egoerak txarrera besterik ez du egin.
Hitz hauek irakurtzea arrotza suertatu diezazukeen arren, anorexiak gizartearen begietara gaixotasun larri bat izateari utzi dio. Goseari aurre egitearen borondatearekin lotuta dago, nekatuta egon arren norbere burua kirola egitera behartzeko gai izatearekin eta horrek produktibitatea saritzen duen gizarte kapitalista honetan zerbait positibo gisa ikustera eraman ditu herritarrak.
Baina zer gertatzen da bitartean beste elikadura desorekekin? Bulimia, betekada nahasmendua edo TCANE (elikadura nahasmendu zehaztu gabea) adibidez, ez dira apenas ezagunak. Ez dute jaso hainbeste atentzio mediatikorik. Ez dira interesekoak suertatzen edo ez dute nahi hauek espazio publikorik izatea.
Ez da kasualitatea. Deskontrolarekin lotzen dituzte asko eta askok. Norbere buruaren joerak gidatzeko gai ez izateagatik dira ezagunak. Sintomak ere ezberdinak dira oso, baita hauek hedabideetan jorratu izan dituztenen ikuspegia ere.
Elikadura nahasmendua iceberg bat balitz, azalean sintoma ezberdinak aurkituko genituzke. Aldiz, apur bat sakonduz gero, konturatuko ginateke batzuen eta besteen arteko arrazoiak antzekoak direla. Eta hortaz, ez dela beharrezkoa infrapisuaren ondorioz hil zorian egotea, osasun publikoko zerbitzuetan artatu zaitzaten. Ez luke behintzat horrela izan behar.
Elikadura desorekak edozeinek pairatu ditzazke. Ez da nesken kontua. Emakumeen kasu diagnostikatuak gehiago dira bi arrazoirengatik. Batetik, hauek jasandako presio estetikoa nabarmenagoa izan delako azken hamarkadetan. Eta bestetik, normaltzat ikusten delako neskek gaixotasun mota hauek pairatzea. Baina mutilek ere izaten dituzte mota honetako arazoak. Ohikotzat jotzen ez bada ere, euren maskulinitate hauskorrarekin apurtzea dakarrelako nolabait horrelako kontu bat onartzeak.
Zergatik izan da ba anorexia emakume aberatsei tokatzen zitzaien kasuistika bezala ezaguna? Anorexia hedabideetan ez delako izan gaixotasun bezala jorratua, baizik eta Espainiar Estatuko dirudunen kroniken parte izan delako, prentsa arrosa zein aldizkari espaƱoletan.
Narratiba hauekin lortzen den bakarra estigma handitzea da. Diskurtso hauek gaixotasun mentalen artean mortalitate tasa handiena duen arazoa pairatzera bultzatzen ditu nerabe asko eta asko. Zerbait esklusiboa bilakatuz. Gutxi batzuen eskura utziz.
Bitartean, gazte zein helduok, Strava kirol aplikazioarekin jolasean jarraituko dugu, esanez, hobetzeko metrikak jakitea beharrezkoa dugula. Hori baita helburua une oro, hobetzea. Atzean utziz naturaz gozatzea edo ahaztuz lagunekin tarte on bat pasatzea. Gogoeta egiteko gai potoloa gaurkoa.