Oinpean dauzkagunak asmatu ere ez genituzke egingo. Armintxe, Garratxa, Atxurra, Kabauko kobak. Lekeitio buelta hau aspalditik izan du gizakiak gustuko. Orain ere gustuko du, ikustea besterik ez izan dugun udara jendetsua.
Zalantzarik ez, Lea-Artibai osoa, eta Lekeitio bera, oso erakargarriak diraa. Zalantza gehiago sortzen du turismoak, edo turismo moldeak, behintzat. Oro har, apustu politiko handia nabaritzen da turismoa bultzatzeko, eta horrek darda sortzen du. Gastronomia, paisai naturala, eta gure berezitasun folklorikoak goresteko tentazioa handia da, baina horrek kalte batzuk ere ekar ditzake: ekonomiaren tertziarizazioa, lan baldintzen beherakada, kultura folklore hutsarekin lotzea, eta abar.
Turismoan egiten den ahaleginaren parekoa ez da industrian egiten dena, nahiz azken honek epe luzeagorako garapena bermatu gure herriari. Datu batzuk emango ditut argibide gisa: industria enplegua ikaragarri urritu da autonomia erkidegoan: 1996ko %30,9tik, 2011ko –azken datua hau da– %19ra. Turismoarena, berriz, nabarmen igotzen ari da, %4,7tik %6,8ra. Lea-Artibain enplegu industrialari eutsi zaio, baina Lekeition bereziki nabarmena da turismoari lotutako enpleguaren gorakada, %4,9tik (1996) %7,8ra (2011). Eta usaimen ona badaukat, are gehiago igoko zen 2016ra arteko tarte honetan. Eta turismoari lotutako lanaren kalitatea baxuagoa eta urte sasoikoa da.
Bilakaera hau ez da halabeharrez gertatu; politika ekonomikoen ondorio da, eta, beraz, erabaki politikoen ondorio dira.
Hala ere, turismoaren kontra jartzea ez da kontua. Lekeitio, esate baterako, azken mende honetan turismoari oso lotuta egon da, eta hori ez da txarra. Baina indar guztia turismoan jartzea ona denik ere ez dugu esango. Lekeitiok, Bizkaiak eta Euskal Herriak turismoaz kanpoko alternatibak behar ditu, turismoari berari uko egin gabe, noski.
Amaitzeko, zalantzarik ez erakarmen handiko herria dela Euskal Herria, eta zer esanik ez, Lekeitio. Baina gogoan izan behar dugu bere erakarmena nondik datorren, ondaretik eta naturatik. Eta ondarea esaterakoan Armintxe dago, baina baita faktore ukiezinak ere, hizkuntza eta euskalduntasuna bezalakoak, edo zergatik ez, Euskal Herriaren beraren ezagutza eta egite industriala ere.
Gainerakoan beti izango dugu Benidorm.