Eñaut Apaolaza: "...Zutik!"
Zutik! zutik! makurtu gabe». Kortatu behin eta berriro entzuten dut nire kautan azken boladan. Oasi giputzari agortu zaio pazientziaren ura, eta molde berrituez politika politikari profesionalen atzaparretatik berreskuratzen hasi da. Kortaturen abestiaren indarra eta mugimendu berriaren kemena erraz batu zaizkit.
Errauskailuaren aurkako mugimenduak jendea jaikiarazi du, eta jauzi eginarazi dio. Bide eman die ez bakarrik errauskailuaren aurkako erreklamazioari, baita erretiratuen pentsio duin eskariei, langileenei… Indar katalizatzailea izan du. Ez da errauskailua, edo ez bakarrik, politikarekiko anestesia eta ezaxola –bultzatua eta iraunkortua– astintzeko deia da.
Beste horrenbeste gertatu zen Gora Iruñea eta Gora Gasteiz sortu zirenean. Erakundeek sektore zabalak ez ordezkatzeko asmoak, ez elkarrizketarik izateak, denborarekin faktura pasa dezakeela erakutsi dute mugimenduok.
Ez da korapilo makala Gipuzkoakoa. Zaborren gestioak kendu zuen aurreko gobernu alderdia aldunditik.
Aurrekoen aurkako zaborren kudeaketak, erraustegiak, groggy dauka gobernu talde berria. Zutik jarri zaizkio gazteak, kaskodunen aurrean zutik dantzan; zutik jarri zaizkio gurasoak, osasun kezkak zutituta; zutik daude sendagileak eta adituak, erraustegiaren balizko kedarrak begietatik kenduta; tente eskuak oratuta herritar mordoa ke beltzez euren bizitzak iluntzearen aurka; zutuntzen barne tira-birak arrazoitzen oso zaila den proiektuarekin.
Ez da korapilo makala, izan ere bareegi zeuden bazterrak gauza onerako. Jendea apalduta, erreakzio gaitasun motelduta. Baina hara non, bizitza da handiena eta, oraindik erreflexuak baditu jendeak arlo politikoa berea dela aldarrikatzeko, eta erakundeei kontrapisu egiteko. Politika denona dela eta denok jabe garela esateko. Herritarren erreakzioak alderdien logika, denbora, jarduna gailentzea osasun sintoma bat da, eta Gipuzkoan aspaldiko partez, horixe gertatu da.
Get up, stand up for your rights; Zutik, makurtu gabe.