Erabakien garrantzia
Bizitzan mota askotako eta garrantzi maila desberdinetako erabakiak hartu beharrean izaten gara. Gure eskuetan daude gure agintariak, gure ezkonkide, neska-lagun edo mutil-lagunak zeintzuk izango diren erabakitzea. Baita ere zein garrantzia emango diogun arlo espiritualari.
Erabaki hauek eta beste asko hartzean, garrantzi handia izaten du bizi dugun inguruak, eta, sarritan, ez dira guztiz libre hartutakoak izaten.
Herriko giroak, gurasoak, lagunak, irakasleak, irakurtzen ditugun liburuak egunkariak… denek dute eragina gure pentsaeran. Gehienak, banaka hartuz, gizarte mailan garrantzi handirik ez dutenak izan arren, azken batean, gure bizitza markatzen dizkigutenak izaten dira. «Esaidazu norekin zabiltzan eta esango dizut nor zaren» esaerak esangura sakona dauka.
Oso zaila da eragile horietatik guztietatik aske sentitzea, eta erabaki desegokiak baldin badira,l uzaroan kalterako izan daitezke. Askotan gertatzen da hori, baina beti daukagu aukera akatsa zuzentzeko. «Zuzentzea jakintsuen berezitasuna da» dio esaera batek. Okerreko erabakia zuzentzea zaila gertatzen zaigu baina beharrezko da ohitura bihurtu ez dadin, sarritan gertatzen den bezela.
Heldutasuna lortzeko, behin eta berriz erabaki okerrak zuzendu beharrean aurkitzen gara. Hasiera batean hartutakoak baino hobeak izaten dira zuzendu ondorengoak, nahiz eta aldaketa egitea zaila gertatzen zaigun.
Maila pertsonalekoak garrantzizkoak baldin badira, ez dira gutxiago gizarte mailan hartzen ditugun erabakiak. Herritarren onerako direnean denok txalotzen ditugu, baina ez da beti horrela izaten.
Ohitura desegokiak ere ezagutzen ditugu, eta hauek zuzentzea zailagoa da. Horien artean asteburuak eta festak ospatzeko erak daude. Gure gizartean oso errotuta dago festa gauarekin eta edanakin lotzea. Gazteek hau ezagutu dute beraien aurrekoengandik, eta badirudi, ezin dela besterik pentsatu. Baina ez da beti horrela izan.
Ez da denboran,atzera oso urruti joan behar, hemen, Euskal Herrian, «botiloirik» ez zegoen garaira iristeko. Baina badirudi gaur egun askorentzat beharrezkoa dela ongi pasatzeko.
Ohitura hauen eta besteen gainetik, egungo garaitetan, gizartearen arazo nagusia giza-baliabideen lehentasunak jakitea da. Iraganean balio handia zutenek gaur ez dute hainbeste. Eta alderantziz, lehenago ez zirenak kontuan hartzen, gaur lehenengo mailakoak dira. Baina, badira garai guztietan eta mundu guztian onartuak direnak; gizakiak sortzetik, jaiotzatik aldatzen ez dituenak. Denek ez dute garrantzi maila berdina.