Erakarri, ez inposatu
Bi euskaldun —bat Euskal Herritik bertatik eta bestea kanpotik— gaur egun errespetua, miresmena… eta baita desira be sortzen dabe. Bilatu barik, erakargarriak dira euren karisma eta presentziagatik. Badabe zerbait komun: bikaintasuna, apaltasuna eta nor garen modu fin eta elegante baten erakusteko gaitasuna. Peio Reparaz eta Jacob Elordi ditut buruan.
Ez dabe euren nortasuna inposatzen; naturaltasunez erakusten dabe. Bultzatu baino gehiago, erakarri egiten dabe. Gure herrixagatik, euskaragatik eta Europan bakarra dan kulturagatik interesa pizten dabe. Ikusten dauenak kuriosidadea sentitzen dau: zertaz dagozan hain harro ulertu gura dau, eta euren hizkuntzara hurbildu be bai, kontinente honetako zaharrena.
Hirurogeita sei urtegaz, Australiara eta Kanadara joandako ondarroar gurasoen seme izanda, eta adopzioz nafarra hezurretaraino, barrua mugitzen jat hau ikusteak. Gaur egun, Estatu Batuetan edo Costa Rican, “I am Basque” esaten dodanean, gero eta gehiagotan entzuten dot: aitortza, interesa, errespetua. Eta non dagoan ez dakienean, aukera ederra zabaltzen da lasai azaltzeko, Elordi eta Reparazek egiten daben moduan.
Eskerrik asko gure nortasuna buruarekin eta zarata barik mundura zabaltzen dozuenei. Eta baita egunerokoan hori egiten daben euskaldun anonimo guztiei be.
Omenaldi berezi bat egin gura dot gure artean ez dauden bireri. Bata, Ondarroari estu lotuta, Jacob Elordi eta ni neu lez: nire osaba, gudaria, Loren Arkotxa Meabebasterretxea. Bestea, nire bizitzako bidelaguna: José Ignacio Labiano Ilundain. Biekin batera atzerrian zein etxian egindako bidaietan, eurek zelan jokatzen eben bertatik bertara ikusteko aukera izan neban. Erakarri, ez inposatu: hori zan euren izateko modua.
Gora Euskalherria, gora euskaldunak. Beti aurrera.